Bergara eta Antzuola arteko errepidean "erabateko ausarkeriaz" jokatu izana leporatu dio Oiarbidek aurreko foru gobernuari

Eneko Azkarate 2015ko urr. 22a, 12:29

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako foru diputatuak Antzuola-Bergara errepideko ezponda egonkortzeko lanak egungo Foru Aldundiarentzat, "lehen minututik lehentasunezkoak" izan direla adierazi du. Oiarbidek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean egin ditu adierazpenok.

Harago joan da Oiarbide eta aurreko foru gobernuak (Bildu) kontu honetan izan zuen jokabidea kritikatu du: "erabateko ausarkeriaz" eta "arduragabekeriaz" jokatzea leporatu dio, Bergara eta Antzuola lotzen dituen Gi-632 errepideko ezpondaren kudeaketa dela-eta. "Mendi-hegala guztiz ahaztuta egon da urtebetez, bidearen erabiltzaileak arriskuan jarriz", salatu du.

Oiarbide Gipuzkoako Batzar Nagusietako Bide Azpiegituren Batzordean izan da, Antzuola eta Bergara arteko errepidean egiten ari diren lanen inguruan zenbait xehetasun emateko. Bertan azaldu duenez, arazoaren jatorria 2014ko uztailaren 14ean jaso zen arroka jauste batean dago eta, foru diputatuak salatu duenez, urtebete luzez, aurreko foru gobernuak "ez zuen inongo neurririk" hartu aferari irtenbidea emateko. "Ez hori bakarrik, baizik eta denbora honetan guztian entzungor egin dute oposiziotik behin eta berriz egin dizkiogun eskarien aurrean", azaldu du.

Hori dela-eta, esan du Oiarbidek, egungo Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat ezpondaren konponketa "lehentasun nagusietako" bat dela, "legealdiaren lehen minututik".

Lau hilabete

Bide Azpiegituren departamentuaren arduradunak berri eman duenez, egun esku artean dituzten aurreikuspenen arabera obrek beste lau bat hilabeteko iraupena izango dute.

Ezponda konpontzeko lanak aurreko foru gobernuak obra gelditu ostean egiteko dagoen Antzuola-Bergara zatiko proiektu osoaren parte dira. Tarte hau lurraldeko errepide sarea bukatzeko ekimenaren baitan kokatzen da, Gipuzkoako Biribilgunea deiturikoa, legealdiko proiektu estrategikoetako bat Foru Aldundiarentzat.
Aurreko hilean abian jarritako lanak eroritako materiala kentzea, berrezpondatzea eta ezponda apurtu den puntu eta inguruaren egonkortzea dira. Helburua luizi berriak ekiditea da. Horretarako, ezpondaren oinean harri-lubeta bat eraikitzen ari dira eta, goialdean, errefortzu bat ainguratze indartsuekin.

Berriki, obretan dauden tokia bisitatzen izan zen Aintzan Oiarbide foru diputatua, Antzuolako eta Bergarako alkateekin batera, Beñardo Kortabarria eta Juan Jesus Alberdi, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak