Euskaltzaleen Topaguneak eta Ttakun elkarteak elkarlanean antolatuta, laugarren Topa Eguna ari dira egiten Lasarte-Orian.
Euskaltasunaren aldarria egiteko eta euskaraz bizitzearen alderdi onak agerian ipintzeko helburuarekin prestatutako egitarauaren barruan, Esperientziaren Trukegunea izeneko ekitaldia egin dute goizean. Bertan, Euskal Herri osoko bost elkartek aurrera eroaten ari diren esperientziak azaldu dituzte. Bergarako Jardun elkartea izan da horietako bat, eta bertako ordezkariek herriko euskalgintzari buruz egin dute gogoeta prozesuari buruzko azalpenak eman dituzte.
Lasarte-Orian egiten duten Euskal Jaiarekin egin du bat gaur Topa Egunak, eta hala, festarako eta ondo pasatzeko aukerak ere ez dira gutxi izan: Xumela taldearen doinuekin dantzatzeko, kantatzeko eta sagardoarekin topa egiteko aukera; harri-jasotzaileen erakustaldia; herri bazkaria...
Bazkalostean, gainera, Ttakun elkarteko presidenteak datorren urtean Topa Eguna antolatuko duten Karrikaluze elkartekoei pasatu die lekukoa. Iazko antolatzaileak izan ziren Soraluzekoak Topa Egunaren harira atera zuten abestia ere kantatu dute, eta Irrien Lagunek ere hartu dute parte giroa alaitzen.