"Kale-bilkura arrakastatsua" egin dute Ordainduk eta Eskuratuk kooperatiben gaineko kongresuan

Leire Kortabarria 2015ko urr. 16a, 17:10
Ordaindu eta Eskuraturen kale-bilkura, Donostian.

Gaur, egubakoitza, Ordaindu eta Eskuratu elkarteek kale-bilkura egin dute Donostian momentu horretan egiten zebiltzan unibertsitate-arteko kongresu kooperatiboaren aurrean. Ordainduk "arrakasta borobila" izan dela baloratu du.

Honako hau esan du Ordainduk prentsa ohar bidez: "Hantxe zeuden nazioarteko ordezkaritzak eta Espainiako estatukoak, baita Mondragon Korporazioko jende esanguratsua ere: Usatorre, Oskar Goitia; eta Irizar Taldeko Saratxaga. Errektoreek eta irakasleek interesa agertu dute gure arazoaz eta gurekin eztabaidatzera konprometitu dira, Mondragon Korporazioak guri sortutako arazoaz ikuspuntu asko edukitzeko".

Hausnarketak bai, konponbideak ere bai izeneko oharra banatu dute kongresuko parte-hartzaileen artean. Bertan Ordainduk eta Eskuratuk diotenez, "Fagorren gainbeherak argi utzi du kooperatibismoa bide okerretik zihoala eta doala. Norabiderik gabe eta okerrera doan egoeraren adibiderik agerikoena da. Fagorren gainbehera ez da istripua izan, azken urteotako kooperatiba-bilakaeraren ondorio zuzena baizik. Horregatik interesgarria deritzogu kooperatibismoaren inguruan sakon eztabaidatzeari, inongo begietakorik eta aurreiritzirik gabe".

Negoziatzeko prest

Gogorarazi dute laster 900 lagunek sinatutako demanda judiziala aurkeztuko dutela, eta honela azaldu dute: "MCC errudun dela uste dugu, ez dela begirale hutsa, sinetsarazi nahi diguten moduan. Demandaren aurretik, horrek iraun bitartean eta ondoren ere, kooperatiben gailurreko erakundea den MCCrekin negoziatzeko prest gaude. Bien bitartean, mobilizazioa eta justiziarekiko konfiantza. Konponbideen eta hausnarketaren alde egiten dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak