Trikitiaz gozatuz, harrobia indartuko dute Oñatiko VII. Trikiti Egunean

Datorren zapatuan ospatuko dute Oñatin VII. Trikiti Jaialdia. Oso egitarau berezia prestatu dute aurten Santa Anako kontzerturako, eta sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Hamabi eurotan eskura daitezke Arrano eta Izarraitz tabernetan emanaldi bezperara arte, baita lizargarateelkartea@gmail.com helbidera idatzita ere. Antolatzaileek herriko zein kanpoko jende asko espero dute eta sarrerak lehenbailehen erostea gomendatu dute.

Zazpi trikitilari talde izango dira oholtza gainean, eta hiruna pieza joko dituzte. Ekimen horren bitartez, Lizargarate elkarteak trikitia herrian zabaltzea du helburu. Bide batez, gainera, herriko trikitilariek euren burua ezagutarazteko tartea izango dute, eta, era horretan, herriko harrobia indartu nahi dute.

Horren erakusle da Santa Anako kontzerturako prestatutako programa. Ane, Amaia eta Irati trikitilari oñatiar gazteek irekiko dute emanaldia, eta trikiti eskolako irakasle diren Intxausti anai-arrebek eta Harkaitz Allurrek ere joko dute. Aurkezle lanak, berriz, trikiti eskolako umeek egingo dituzte. Dena den, Oñatitik kanpoko izen handiak ere izango dira Santa Anan; besteak beste, Korrontzi  eta Mikel Markez. Gainera, harekin jotzekoa zen Izer ezin izango da etorri, eta, hain zuzen, Andonegi arituko da haren ordez Astiasaran II.arekin batera.

Aipatzekoa da, baita ere, Trikizio taldeko Arakama eta Los Zopilotes Txirriaoseko Dorronsoro elkarrekin jotzen ikusteko lehen aukera izango dela datorren zapatukoa. Txikitatik elkarrekin oholtza gainean aritutako Mirari Azkuneren eta Zaloa Zenarruzabeitiaren kasuan, berriz, zazpi urteko geldialdiaren ondoren, Santa Anakoa izango da eskainiko duten lehen kontzertua.

Gauean erromeria

Festak gaztelekuan jarraituko du iluntzean, 21:00etan afaria eta ondoren erromeria izango baita Elustondo anai-arrebekin.

Sarrerak bide beretatik lor daitezke martitzenera arte –20 eurotan–, baina erromeriara bakarrik joan nahi dutenek ez dute sarrerarik ordaindu beharko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.