Emakumezkoen artean lehia ez zen horren estua izan, Arregik bakarrik egin zuelako ia lasterketa osoa eta bi minutuko tartea atera ziolako Biaini. Baina gizonezkoetan Donnayren eta Varelaren artean indarrak parekoago egon ziren. Berez, Arrasatekoa gorputzaldi hobean iritsi zen hitzordura, Varelari goiz harrapatu zion lasterketak, eta hilabete batzuk geroago erakutsi zuen Oñatikoak aurpegirik onena. Hala ere, Varela Oñatiko sarrerara arte Donnayren erritmoari eusteko kapaz izan zen, eta pare bat kilometro geratzen zirenean egin zuen Arrasatekoak aurrera. Erlaxatu ere egin zen Donnay, eta helmugako azken zuzenean ezustean harrapatu zuen Varelak azken 300 metrotan egin zuen ahalegin beteak, ia harrapatu zuen. Hala, 9 segundoko aldeaz Arrasatera eraman zuen txapela –eta txantxikua– Donnayk.
Hala, iazko irabazleek dagoeneko eman dute izena, baina ordezkari oñatiarrek azken orduan erabakiko dute lasterketan egon ala ez: "Egia esan ondo entrenatu ezinka nabil, Akilesen tendoi biak oso minduta dauzkadalako. Pena handia ematen dit lasterketan ez egoteak, eta azken ordura arte ez dut erabakia hartuko", adierazi du oñatiarrak aste barruan.
Eguenerako 230 izenemate
Iaz 280 korrikalari iritsi ziren helmugara, eta gaur, eguena, dagoeneko kopuru antzerako samarral eman du izena, patinatzaile eta korrikalariak kontutan hartuta. Oraindik, baina, badago izena emateko aukera, hemen. Gogoratu egunean bertan ezingo dela izenik eman. Aurten ere 17:00etan hasiko dute proba, baina bai korrikalariek eta baita atletek ere Garibaien hasiko dute lasterketa, eta ez Portaloian.