Datuak onak dira eta aurreikuspenen arabera, joerak eutsiko diola dirudi datozen hilabeteetan. Hekimen Analytics proiektuari esker, hedabideen bisita kopuruak eta jarduna neurtzeko bestelako aldagaiak (sare sozialak, denbora, elkarren arteko alderaketak...) kontuan hartuta, sektorearen eragina eta proiekzioa gertutik aztertzen dabil Hekimen.
Elkartetik azpimarratzen dutenez, azken bi urteetako joerak ikusita, "nabaria" ei da goraka doazela euskal hedabideen webguneko sesioak eta, bereziki, iazko udazkenetik hona. Azken hilabeteetan hilero milioi eta erdi sesio eta 4 milioi orrialde baino gehiagoko trafikoa pilatu dute aztertutako webguneek. Horrela, aurreko urtean %15eko igoera egon bazen, aurten espero dute %40ko igoera izatea. Oro har, hedabide gehienen webguneen bisitek izan dute hazkundea baina euskal hedabideenak inguruko besteenak baino gehiago ari direla hazten nabarmendu dute Hekimenetik.
Hekimen barruan, besteak beste, Berria ala Argia bezalako atariak daude, maila orokorrean; Ataria.info, Anboto ala Goiena tokikoetan eta Gaztezulo ala Sustatu modukoak, tematikoei dagokienez. Guztira 46 webgune dira.