Oñatin egindako elkarretaratzean azaldu dute Erandion hildako emakumeaz gain, gaur jakin dela domekan Gixunen (Lapurdin) izandako auto istripuan hilda agertu zen emakumea, indarkeria matxistaren ondorioz hil zela.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak egindako deialdiari erantzunez, herriko feministen sarearen ekimenez egin dute Oñatin elkarretaratzea. Bertan, Emakumeen Mundu Martxaren adierazpena irakurri dute. Hala, gertakarion aurrean gaitzespen osoa agertzeaz gain, salaketa irmoa ere egin gura izan dute. Gaineratu dute, emakumeen aurkako erasoek etenik izan ez dutenez uda gogorra izan dela, eta gogorarazi dute dagoeneko sei emakume hil direla Euskal Herrian indarkeria matxistaren ondorioz. “Nazkatuta” daudela adierazi dute, eta emakumeek aske bizitzeko eskubidea dutenez, ez direla isilduko gaineratu.