Estereotipo edo aurreiritzi horietako batzuk aipatu ditu Atzegiko presidenteak; jarrerarekin lotutakoak: "Maitagarriak dira, haurrak bezalakoak dira, ez dute iritzi propioa (…)"; edo bizimoduarekin lotutakoak: "Ez dute lanik egiten, ez dakite ondo pasatzen, ez dute lagunik…"
Halako aurreiritziak apurtzea abiapuntu, bada, galdetegi eta guzti dator aurtengo kanpaina, hain justu, adimen urritasuna duten pertsonen gainean dugun ezagutza maila neurtzeko, "modu dibertigarri eta ludikoan etxebizitza, lana edo aisialdiari" buruzko galderei erantzutea da proposamena. Webgunean daude galdetegiok: atzegi.org/horrelakoadanirebizitza.
Eskoletan ibiliko dira
Mitxel Lakuntzak, kanpainako koordinatzaileak, galdetegian parte hartzera animatzez gainera, jakinarazi du eskolatan hitzaldiak emango dituztela kanpaina horren barruan: “Eskoletarako galdetegiak sentsibilizazio erreminta bikaina izango dela uste dugu eta sare sozialetan parte hartzera gonbidatzen duten pegatinak ere egin ditugu bertan banatzeko”.
Horrez gainera, #HorrelakoaDaNireBizitza hashtag-a ere sortu du Atzegik eta adimen urritasuna duten pertsonei argazkiak bidaltzeko eskatuko zaie, euren bizitza nolakoa den ikus arazteko helburuarekin. Argazkiak Twitter, Facebook eta Instagram bitartez bidali ahal izango dira edota WhatsApp-eko 609 70 37 06 zenbakira.
Atzegi eredugarri
Goizean prentsaurrekoa egin dute Donostian hau guztiau azaltzeko. Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, Josean Idoeta, ATZEGIko lehendakaria, Mitxel Lakuntza, kanpainaren koordinatzailea eta aurtengo karteletako protagonistak diren Sergio Berné eta Lucía Juarez izan dira.
Hala, Peña diputatuak Atzegik egiten duen lana goraipatu du: "Adimen urritasuna duten pertsonen arreta eredua diseinatzerakoan ezinbesteko bihurtu da Atzegi".
Hark gogoratu du, Atzegik autonomia handia duela euren proiektu eta ekimenak aurrera ateratzeko eta hori txalogarria dela esan du. Eta berretsi du oso garrantzitsua dela administrazioak hirugarren sektoreko elkarteekin elkarlanean aritzea, eta bereziki Atzegiren eredua jarri du.