"Bultzada politikorik gabeko" Foru Gobernua ikusten du EH Bilduk

Jon Berezibar 2015ko urr. 2a, 12:20

Foru Gobernuaren jardunaren 100 egunetako balantzea egin du EH Bilduk. "Dezepzioa", "bultzada politikorik eza" eta "ideia falta" leporatu dio EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernu berriari Xabier Olano bozeramaileak. Politika sozialagoa eta aurrerakoia eskatzen dio EH Bilduk gobernuari eta ohartarazi, ez dutela "berdintasunean eta hizkuntza politiketan atzera pausurik onartuko". 

EH Bilduren oharra: 

Ehun egun pasa dira EAJk eta PSEk Gipuzkoako Foru Gobernua osatu zutenetik, eta EH Bilduk honen inguruko balorazioa egin du gaur. Dezepzioa azaldu du Xabier Olano bozeramaileak, eta Gobernu berriari ez dio aprobatua eman: “Momentuz, bultzada politikorik gabeko Gobernua ari da izaten, eskuindarra eta atzerakoia. Herritarren benetako arazoei aurre egiteko neurririk ez du aurkeztu: pobrezia, langabezia, lan prekarietatea edo matxismoa ez daude Gipuzkoako Foru Gobernuaren agendan. 100 egun hauetan, bakarrik bi gauza egin dituzte: alkateen soldatak igo eta enpresari aberatsen zergak jaitsi”.

Foru gobernuak ez duela proiektu argirik Gipuzkoa hobetzeko adierazi du Olanok. Ideia falta aurpegiratu dio eta, oro har, esan du zaila dela modu positiboan baloratzea hasiera hau, egindako lanak ez duelako erakutsi planteamendu argirik legealdirako. Gainera, salatu du EAJk eskuak lotuta dituela PSErekin duen akordioagatik. Agerian laga zuen aurreko Plenoan, EH Bildurekin erabakitzeko eskubidearen aldeko ebazpen proposamen bat sinatu ondoren, PSEk erretiratzera behartu zuen EAJ. Beraz, EH Bilduk ezin dio aprobatua eman Foru Gobernuari, 180 graduko bira egin beharko luke.

Horregatik, bestelako politika eskatu du EH Bilduk, sozialagoa eta aurrerakoia. Zentzu horretan, zerga politika justuago baten alde egin du, bidezkoa baita gehien dutenek gehiago ordaintzea, eta iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko konpromisoa eskatu dio Aldundiari. Era berean, murrizketa sozialik ez egiteko exijitu du, eta aurreko legealdian gizarte zerbitzuak garatzeko egindako plangintza betetzea ezinbestekoa dela gogoratu dio diputatu nagusiari.

Gainera, Gizon eta emakumeen arteko berdintasunean eta hizkuntza politiketan atzera pausurik ez duela onartuko ohartarazi du. Eta gazteei, langabetuei eta Lehen Sektoreari begirako politika bereziak eskatu ditu. Garraio publikoari dagokionez, diru publikoa makroporiektuetan ez xahutzea eta herritarrek benetan erabiltzen duten garraioa sustatzea eskatu du, hau da, trena eta autobusa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak