Sortuk dio Emakumeen Mundu Martxaren aldarrikapenak "leku guztietan" baliagarri direla

Jon Berezibar 2015ko urr. 1a, 16:28

Bihar Bergaratik igaroko den Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin eta mugimendura batzeko deituz, oharra kaleratu du Debagoieneko Sortuk. Besteak beste, alderdiak sistema kapitalistaren "zapalkuntzak" emakumeak, bere izaeragatik, "bi aldiz zapalduak" direla salatzen du eta mundu martxaren aldarrikapenak leku guztietan baliagarri direla berresten dute. Debagoieneko kaleetan bihar, eta domekan Bilbon egingo den harreran parte hartzeko deia luzatzen diete herritarrei. 

Debagoieneko sorturen adierazpena:

EMAKUMEOK MARTXAN

Martxoan Kurdistanen hasi eta munduko hamaika bazter bixitatu ondoren Euskal Herrian da Emakumeen Mundu Martxa. 

Emakumeak mundu mailan antolatu eta eskubideak aldarrikatzeko munduari buelta ematea ez da kasualitatea. Mundua sistema kapitalistaren menpe bizi da, herritarron gehiengoa bizi eta lan baldintza gogorretara kondenatuz; gerra eta miseria sistematizatuz; balore atzerakoiak sustatuz;… Sistema kapitalistak pertsona eta ama lurra zapaltzen ditu eta emakumeok emakume izatearren bi aldiz zapalduak gara sistema kapitalistaren baitan, pertsona eta emakume gisa. 

Tokian toki zapalkuntzak bere ezaugarriak dituen arren Emakumeen Mundu Martxak egiten dituen lau aldarrikapenak leku guztietan dira baliagarri eta Sortuk ere bere egiten ditu: INDARKERIA SEXISTAren aurkako lana, borroka eta neurriak sustatzea, jakinik indarkeria sexistarekin batera bestelako hainbat indarkeria inposatzen dituela sistemak bizirik irauteko; BIZITZAREN IRAUNKORTASUNA edo bizitza duina kapitalismoaren beharren aurretik jartzea, prekarietateak emakume aurpegia duelako, emakume eta gizonen prekarietate egoerak gainditu eta bizitza politikaren erdigunean jarri beharra dago; GORPUTZAK eta SEXUALITATEAK, emakume gorputzek jasaten dute biolentzia, baina, gorputzak askapenerako tresnak ere badira, horregatik desira eta sexualitatea bizitzeko modu guztiak aldarrikatzen ditugu (lesbianismoa, transexualiatea;…)eta gure gorputzen jabe izatea aldarrikatzen dugu; SAREAN LAN EGIN ETA ANIZTASUNA KUDEATU, emakumeok elkarrekin lan egiteko espazio komunak osatu, sareak osatu eta gure eskubideen alde borrokatzeko aldarrikapena egiten dugu. 

Sortuk Debagoienako kaleetan eta igandean Bilbon Emakumeen Mundu Martxari harrera beroena egiteko deialdia egiten die herritar guztiei, eta noski gu ere martxoaren 17an Lisboan izango gara martxaren amaieran Euskal Herriko emakumeon aldarrikapenek lekua izan dezaten. Izan dadila martxa hau kontzientzia piztaile eta bultza dezala urteko egun guztietan kontzientzia zein mugimendu femista. Kapitalismoak eta patriarkatuak sortutako mundu matxista eta injustu hau gainditzeko bidea egiten ari gara, baina asko dugu egiteko oraindik. Helburu handiak lortu nahi ditugu, euskal estatu feminista, indarkeria matxista eta prekarietatea gainditzea besteak beste, baina iraultza gure buruetatik hasten da, eguneroko jarrera matxistak (mikromatxismoak) gaindituz, barruan daramagun matxista txiki edo haundi horri egunero aurre eginez.

Debagoiena eta Euskal Herria martxan gaude, emakumeok eskubide guztien jabe izango garen egunaren alde borrokan!

Debagoieneko Sortu

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak