Euskadiko Txapelketan, joan den astean, Oñatiarrek 21-30 irabazi zieten Gasteizko Corazonistas taldekoei, eta Arrasateko Ford Mugarrikoek beste horrenbeste egin zuten Lau Bide jatetxearen kontra (25-28). Garaipen horrek lasaitasuna emango zien aste barruan, etxeko zaleen aurrean estreinatzea tokatzen zaien asteburura begira. Hala, oñatiarrek Lau Bide hartuko dute gaur, egubakoitza, Zubikoan (20:00), eta Ford Mugarri Arrasatek Deustuko Unibertsitatekoen kontra jokatuko du Iturripen (Domeka, 12:00etan).
Bergarak liga hasiko du
Kategoria bat beherago, Gipuzkoako Lurraldekoan, asteburuan hasiko dute liga, eta Bergarak etxean izango du lehenengo hitzordua, Aritzbatalde taldearen kontra (zapatua, 18:30, Labegaraieta). Talde gaztea dute mahoneroek –Jokalarien batezbestekoa 19 urtekoa da–, eta taldeko beteranoenak, Dani eta Unai, min hartuta daude: "Horrenbestez, gazteek euren gain hartu beharko dute ardura", adierazi du aste barruan Josetxo Muniategiandikoetxea bergararren entrenatzaileak.