Independentisten garaipena, azal nagusietan

Goizeko lehen orduan, egunkarien azaletara begiratuta, independentzia-zaleen garaipena nabarmentzen han eta hemen, Espainiako kazetak salbuespen. Ñabardurak, hori bai, hemen eta han. Kataluniako hauteskundeek, baina, mundu mailako arreta piztu dute. 

Gertuko paperetan, egunkari espainiar-zaleek, independentzia-zaleak eserleku kopuruan gailendu bai baina botoetan ez dutela irabazi nabarmendu nahi izan dute. Hori diote El Correo-k eta El Diario Vasco-k; Bilbokoak Artur Masi azal osoa emanda eta Donostiako anaiak nahiago izan du atzoko derbiari argazki nagusia eskaini.

Beste aldean, Gara eta Noticias taldekoak. Gara-k militante independentistak atera ditu azal osoan, banderak haizatuz eta poz keinuekin eta goiburuetan jaso dute Kataluniak independetziaranzko beste etapa bat irabazi duela. Noticias taldekoetan, ostera, Mas azalean, eta goiburuan, diote, independentismoak gehiengo osoa izango duela Kataluniako Parlament-en.

Noticias de Gipuzkoa-n, laburrago, zuzena da goiburua: "Garaipen independentista". Argazkia, hori, bai, atzoko derbiari eman diote Gipuzkoako Noticias-en. Berria-k ez dauka alerik astelehenetan, edizio digitalean, ostera, jarraipen zabala egin diete Kataluniako hauteskundeei. Titular nagusian Junts pel Si-ko ordezkarien esanak jaso dituzte: "Kataluniaren garaipena, baiezkoaren garaipena onartzea nahi dugu". 

Espainia

Espainian, ikuspuntua beste bat da. La Razon-en Masen aurka egin eta diote jarduneko presidenteak ez dituela bere helburuak bete eta ABCn diote, Artur Mas eta Raul Romeva aurpegi serioarekin aterata, Kataluniak ez duela "joaterik nahi". Ildo beretik, El Mundo. Egunkari honetan azpimarratu dute kataluniarren gehiengoak ezezkoa esan diola independentziari. El Pais-ek, azkenik, irakurketa zabalagoa egin du, esanez, independentistek hauteskundeak irabazi dituztela baina "plebiszitua" galdu. 

Frantzia

Frantziako bi egunkari nagusietan azaleko gaia da. Le Figaro-k dio kataluniarrak independentziaren bidera konprometitu direla eta Libération ezkertiarrak, azalean ez, baina digitalean lehen albiste bezala jaso du, esanez, independentziaren aldekoa izan dela kataluniarren botoa, nahiz eta nabarmentzen den botoetan ez dutela irabazi. Le Monde-k berriz, galera egiten du: "Zuzendu al daiteke Katalunia banaketarantz?".

Erresuma Batua

Erresuma Batuan kazeta nagusiek ez diote gaiari lekurik egin azalean. Edizio digitaletan bai, gai nagusi da goizeko lehen orduetan Kataluniakoa. The Independent-ek titular nagusietan dio alderdi independentistak garaipen bidean jarri direla. BBC-k portada nagusian independentistek hauteskundeak irabazi dituztela esan eta nagusi haiek direla nabarmendu dute. 

Eskozian, aldiz, oihartzun zabalagoa izan dute Kataluniako hauteskundeek. The Scotsman-ek azalean jaso du albistea eta nabarmentzen da bozek alderdi independentisten alde egin dutela. The National egunkari independentistak ere tartea egin dio azalean, argazki eta guzti, eta titularra zuzena da hemen ere: "Kataluniak dio baietz".

Azkenik, Estatu Batuetan, The New York Times-entzat ez da gai nagusia baina nazioarteko albisteetan jaso egin dute "separatistek", "gehiengo estuarekin" irabazi dituztela hauteskundeak. Financial Times-entzat bada, ordea, portadako albiste, eta Mas atera dute txaloka argazkian. Labur titulatu dute: "Alderdi independentistek irabazi dituzte hauteskundeak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.