Bederatzi goletako aldearekin irabazita, klasifikazioko bigarren postuan daude orain Aloña Mendikoak. Iaz mailaz igo zen taldeak ezin hobeto hasi du, beraz, Euskadiko txapelketako denboraldi berria.
Ford Mugarrikoak ere pozik daude Legazpin egindako lanarekin. Patxi Garbia entrenatzaile berriak azaldu duenez, hasiera-hasieratik abantaila lortu zuten eta partidu osoan zehar aurretik mantendu dira markagailuan. Zortzigarren minutuan jada 1 eta 4ko aldea erdietsi dute, eta 8-15ekoarekin joan dira atsedenaldira. Hala, Garbiak titularrei atseden ematea erabaki du, eta bigarren zatian abantaila mantentzea izan da taldearen helburu nagusia.
Partidua uneoro kontrolpean izan arren, entrenatzaileak azaldu du ez dela norgehiagoka erraza izan, eta lan handia egin behar izan dutela.
Denboraldirako helburuak
Entrenatzaileaz gain, jokalari berri asko daude aurten Ford Mugarrin. Horregatik, talde ahalik eta batuena lortzeko lan handia egin beharko dutela azaldu du Patxi Garbiak, lehen itzulian bereziki.