Iazko epe berean baino %3,4 ume gutxiago jaio dira aurten urtarriletik martxora

2015eko lehen hiruhilekoan 4.590 haur jaio ziren Euskadin, iazko aldi berean baino %3,4 gutxiago, Eustaten datuen arabera. Jaiotzak bi lurraldetan gutxitu ziren: Araban %-5,2; Bizkaian %-5,1; eta ugaritu, berriz, Gipuzkoan: %+0,2. Araban 761 haur jaio ziren, Bizkaian 2.247 eta Gipuzkoan 1.582. 

Jaiotzak amaren adinaren arabera banaturik, 30-34 urteko amen taldea izan zen ugariena, haien artean gertatu baitziren erditzeen %38,1. Talde horren ondotik, hurrengo goragoko taldea 35-39 urte artekoa (%34,7) izan zen; 25-29ko taldeak erditzeen %13,1 izan zuen.2014ko hiruhileko beraren aldean, 40 urte edo gehiagorekin amatu direnak 379 izatetik 393 izatera pasatu dira 2015ean. Emakume hauek jaiotzen %8,6 izan zituzten; 25 urtez beherakoek, %5,5.

Ezkontzaz kanpo jaioak guztien %41,2 izan ziren, ehuneko 2,3 puntu gehiago 2014ko lehen hiruhilekoan baino. Bizkaia (%42,5) izan zen EAEko kopuru orokorraren gainetik ibilitako lurralde bakarra; Araban %40,7, Gipuzkoan %39,5. Talde horren erditze-adina haurrak eduki zituzten amen multzo osoarena baino txikiagoa da, 25 urtetik beherakoak baitziren ama ezkongabeen %10,3.

Jaiotza-hurrenkeraren arabera, 2015eko lehen hiruhilekoan, erdiak baino gehiago, 2.369, lehenengo haurrak izan ziren; 1.779 (%38,8) aurretik beste bat bazen familietara etorri ziren; hirugarren eta ondorengoak, %9,6.

Amen %19,6, atzerritarrak

EAEn, 2015eko lehen hiruhileko jaiotzen %19,6tan, ama atzerritarra zen. Araban %22,3; Gipuzkoan %21,4; Bizkaian %17,4. Aurreko urtearen aldean, ehuneko puntu bat baino zertxobait gutxiagoko hazkundea, ama atzerritarren ehunekoan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.