Hurrengo asteko domekan, irailaren 27an Lasarte-Orian egingo den final-zortzirenetako kanporaketan egingo du oñatiarrak bere debuta txapelketa horretan. Bertan, Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Mikel Artola eta Xabier Sukia izango ditu aurrez aurre.
Maiatza eta ekaina bitartean jokatutako Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean lortu zuen Arregik txapelketa nagusirako pasea. Bertan, hogeita hamar bertsolari sailkatu ziren guztira, eta horiei duela lau urteko txapelketako finalaurrekoetara iritsi izanagatik sailkapen zuzena lortu zuten beste hamahiru batuko zaizkie orain.
BI saio Debagoienean
Ibarrean Gipuzkoako txapelketako bi saio ikusteko aukera izango da, bata Arrasaten eta bestea, berriz, Eskoriatzan.
Arrasatekoa urriaren 10ean izango da, 17:30etik aurrera Amaia Antzokian. Bertan arituko dira Aratz Igartzabal "Potto", Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga. Final zortzirenetako saioa izango da hori, lehen fasekoa, alegia.
Eskoriatzako saioari dagokionez, azaroaren zortzian jokatuko da polikiroldegian, hau ere 17:30ean. Final laurdenetan kokatzen da saio hau, eta bertan, aurrez klasifikatuta dagoen Unai Agirre Goia Hernaniarra izango da, txapelketaren azken edizioko finalista. Final zortzirenak bukatzean jakingo da zeintzuk izango diren berarekin batera arituko diren gainontzeko bertsolariak.
Sarrerak eskuragarri daude jada bertsozale elkartearen bertsosarrerak.eus webgunean.