Debagoieneko lau talde arituko dira asteburu honetan hasiko den Erregional Preferente Mailako denboraldian. Bergarako eta Antzuolako taldeek maila galdu zuten 2014-2015 denboraldia bukatzean; horrenbestez, iaz ere maila horretan jokatu zuten Mondrari eta Aretxabaletari –UDAren bigarren taldea– batuko zaizkie aurtengo ligan.
Antzuola-Mondra
Hain zuzen ere, talde horietako biren arteko derbia izango da lehen jardunaldian. Joan den denboraldian mailaz jaitsitako Antzuolak Mondra hartuko du etxean, Eztala futbol zelaian.
Partidua arratsaldeko bostetan hasiko da, zapatuan. Etxeko taldeak iaz maila galdu zuen, eta, orain, Ohorezko Erregional Mailara itzultzeko ahaleginak egingo dituzte. Horretarako, lehen pausoa Arrasateko taldea etxean mendean hartzen saiatzea izango da gorridunentzat.
Ez dute, baina, lan erraza izango Antzuolako mutilek. Izan ere, Mondrak dagoeneko ondo ezagutzen du Erregional Preferente Maila, eta joan den denboraldian oso lan ona egin zuen kategoria horretan jokatuta.
Arrasateko taldeak taularen hirugarren lekuan amaitu zuen 2014-2015 denboraldia. Berrogeita hamabost puntu eskuratu zituzten, guztira, mondragoetarrek.
Beraz, aurten ere goiko postuetan egoten ahaleginduko dira zuri-moreak, eta, horretarako, lehen garaipena Antzuolan lortu nahi dute.
Urkomendi-Bergara
Maila bereko beste bi taldeei dagokienez, berriz, Bergarak Eibarren jokatuko du, Urkomendiren aurka. Mahoneroek ere maila galdu zuten aurreko denboraldian, eta domekan estreinatuko dira Erregional Preferente Mailan. 17:30ean Unbeko instalazioetako beheko zelaian izango da partidua.
Eibarko taldeak ere maila aldatuko du 2015-2016 denboraldi honetan; izan ere, Lehen Erregionaletik Preferentera igoera erdietsi zuen, denboraldi bikaina egin ostean.
Aurtengo denboraldirako nobedade ugari izango da bergararren taldean; adibidez, entrenatzailea: hain zuzen ere, Mikel Juaristi azkoitiarrak hartu du taldea zuzentzearen ardura.
Bestalde, taldera itzuli dira aurrez bertan jokatu izan duten hainbat jokalari: Jontxu Linazisoro, Iñaki Mardaras, Ismael Navas eta Andoni Arruti Antzuolan ibili dira joan den denboraldian, eta orain bueltan dira Agorrosinen. Ermutik, berriz, Ina Dobao itzuli da taldera.
Aretxabaleta-Usurbil
Aretxabaleta KEri dagokionez, etxean hasiko du denboraldia. 16:30ean Usurbil FT hartuko dute Igor Gordobilen mutilek, Ibarra futbol zelaian.
Mondraren kasuan bezala, UDAren bigarren taldeak jada ezagutzen du kategoria, eta, alde horretatik, Bergarak eta Antzuolak baino abantaila handiagoa izango du.
Haien kasuan, zazpigarren izan ziren joan den denboraldiko azken jardunaldia bukatzean, eta, denetara, 41 puntu eskuratu zituzten.