Datozen lau urteetarako egitasmo nagusiak finkatu ditu Oiarbidek: Gipuzkoa osoak errepide sare "ongi komunikatua" eta "gaitasun handikoa" izatea, Etzegaraten ordainlekua ezartzea, Bidegiren finantza-osasun ona frogatzea eta elkarlanean oinarritutako kudeaketa.
Deskargako lanei bultzada berria eman eta amaitzea izango da egitasmo nagusietako bat, "aurreko agintaldiko gestio negargarria", "lehenbailehen bideratzeko". Atzo iluntzean foru diputatuak egindako agerraldian agindu zuen", "agintaldiko lehen minututik" ari direla horretarako lanean eta proiektu berriaren idazketa jada esleituta dagoela zehaztu zuen. Horrela, obra berriarekin 2016ko udazkenean hasiko direla espero dute Foru Aldundian.
Halaber, Etzegaraten ordainsaria ezarriko du Diputazioak. Agindutakoa betez, Aldundiak uste du "gipuzkoarrek bakarrik ezin" dutela "guztia poltsikotik ordaindu" eta lurraldea zeharkatzen duten garraio astunei ezarriko zaie ordainsaria. Epeak zehaztuz, Oiarbidek aurreratu zuenez, 2016 amaiera ala 2017ko hasieran ipiniko dute eta garraiolarien hainbat kolektiborekin harremanetan daude kontua aztertzeko.