"Zaila izan da, baina oraindik ere bi tramu sekretupean daude"

Xabier Urtzelai 2015ko ira. 18a, 08:00
Koldo Arana –ezkerrean– eta Asier Rosado –eskuman.

Domekan egingo dute lehenengoz, Anporretako inguruetan, Arrasateko lehenengo Enduro Txapelketa. Lehenengo pilotua 09:30ean abiatuko da Eroskiko aparkaleku ondoko zelaitik gora, eta goizean zehar lau tramu gainditu beharko dituzte; horietako bi sekretupean daude. Beste bi tramuak dagoeneko buruz ezagutzen dituzte askok, azken asteotan lagun asko ibili delako gora eta behera, bizikleta gainean entrenatzen. Urte osoko lanaren emaitza domekan ikusiko dute antolatzaileek, Asier Rosadok eta Koldo Aranak; eguaztenean izan ginen eurekin.  

Egun gutxi geratzen dira lasterketarako. Ze itxura hartzen diozue?

Lan askoko egunak dira hauek, bizikleta ukitu ere ez dugu egin azken aste honetan, eta aitzurraz ibili gara lanean, azken ukituak egiten. Horrekin batera, beste detaile mordoa ditugu ixtear, baina jendea animatu da, eta pozik gaude.

Zenbat lagunek eman dute izena?

Internetez izena emateko eguna eguenean amaituko da –atzo– eta orain momentuan [eguazten eguerdia] 89 lagunek dagoeneko eman dute izena. Kontutan hartuta egunean bertan ere izena emateko aukera emango dugula, 100 pilotu inguru espero ditugu [Egunean bertan federatuek 35 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatuta ez daudenek 41 euro].

Anporretan izango da lasterketa. Ikusita egunotan zenbat jende ibili den parajeotan bizikletan, sekretupean egon diren tramuek halaxe jarraitzen dute?

Bai, bai, domekara arte ez dugu esango non dauden, eta orokorrean sekretupean jarraitzen dutela esango nuke. Seguru bateren batek tramuren bat aurkitu duela, bada, aprobetxa dezala, baina egon dadila isilik. Asturiastik izena eman duten batzuk, hain zuzen, horregatik datoz, bi tramu sekretupean ditugulako, eta han ez dutelako halakorik egiten. Seguruenik tramu horietan erabakiko da lasterketa, hor ikusten da pilotuen trebezia, eta halako probetan guk sekulako garrantzia ematen diogu horri; beste ukitu bat ematen diote lasterketari.

Badirudi eguraldiak lagundu egingo duela, nahiz eta pilotu batzuk gurago izaten duten lokatz artean ibiltzea.

Antolatzaileok gurago dugu eguraldi ona egitea, besteak beste, proba erosoago antolatzeko, ikusle gehiago animatzeko... Baina egia da pilotu batzuk gurago izaten dutela lokatzetan ibiltzea. Azken baten, lokatzetan ibiltzera ohituta daudenez, esaterako, Madrilgo pilotuek baino abantaila handiagoa dute, han ez duelako horrenbeste euri egiten.

Dena dela, azken egunetan egindako euria ondo etorri zaizue.

Ez du nahikoa egin, oraindik hauts asko dago tramu askotan. Euri gehiago egin izan balu lurra egonkorrago egongo litzateke, baina txukun dago dena.

Jende ona etorriko da?

Bai, maila oso oneko pilotuak etorriko dira. Beste asko dagoeneko Ainsan daude [Huesca], datozen asteotan bertan egingo duten Enduro World Series lasterketarako prestatzen, eta beste batzuk Arrasateko lasterketa aprobetxatuko dute entrenamendu modura. Esaterako, Markel Uriartek, eta inguruko beste hainbat lagunek.

Ikusleei begira, zeintzuk dira tramuak ikusteko leku aproposenak?

Azken orduko arazorik ez baldin badaukagu, pilotuak Eroski ondoko parketik irtengo dira, kamioi batetik irteten joango dira, arrapala batetik jaitsita. Batetik bestera 20 segundo gordeko ditugu, eta denbora konkretu bat izango dute lehenengo tramura iristeko.Hala, lehenengo tramua erlojupean egin ostean, bigarrenerako bidea hartuko dute. Horrenbestez, lasterketa ondo jarraitzeko ikusleek batera eta bestera ibili beharko dute, oinez. Bestela, tramu bakarra baino ezingo dute ikusi.

Mendian oinez ibiltzeko asmoz joan beharko dute, horrenbestez.

Ondo ikusi gura badute bai. Gainera, autoei ez diegu Anporretara sartzen utziko, arazoak saihesteko, horrenbestez, autoan datorrenak Zigorrola inguruan aparkatu beharko du autoa, edo Eroskin bestela. Tramu batzuk Anporretaren goialdean daude, baina esaterako, lehenengo tramuaren amaiera behealdean dago, Institutoaren atzetik berehala, oinez 10 minutu.

Zapatutik, bada, giro polita egongo da inguru horretan.

Hori espero dugu. Kanpoko jendea furgoneta, autokarabana eta halakoetan etorriko da, eta zapatuan bertan entrenatzeko aukera emango diegu pilotu guztiei. Hori bai, bi tramotan. Beste biak, esan dugu, domekara arte sekretupean egongo dira.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak