Mondragon da Hego Euskal Herriko eta Espainiako 4. enplegatzaile handiena

Leire Kortabarria 2015ko ira. 15a, 08:00

Mondragon Korporazioaren egoitza nagusiaren aurrealdea.

Mondragon Korporazioa da Hego Euskal Herrian eta Espainian langile gehien dituen laugarren enpresa, eta burtsan kotizatzen ez dutenen artean, hirugarrena. Hain zuzen, 60.000 langile baino gehiago dauzka. Munduan, 36. postuan dago langile kopuruaren arabera.

Enpresak emandako datuekin Expansion komunikabideak egin du Espainian eta munduan langile gehien dituzten 100 enpresen zerrenda. Ibexen kotizatzen duten, merkatu jarraian kotizatzen duten, kotizatzen ez duten eta enpresa publikoak edo erdi publikoak direnak, denak hartu ditu kontuan Expansionek.

Korporaziotik kanpo sartu du zerrendan Eroski, eta hori 11. postuan dago, 2014an 30.000 langile baino gehiagorekin.

Zerrendako lehenengoa ACS eraikuntza eta zerbitzu enpresa handia da. 110.000 langile baino gehiago ditu. Iaz asko handitu zen lantaldea, Clece zerbitzu-filiala enpresaren parte bihurtu zelako. Bigarrena El Corte Inglés da, 80.000 langilerekin. Hirugarrena Mercadona banatzaile handia da, 74.000 enplegaturekin.

Carrefour da langile gehien dituen estatutik kanpoko enpresa, eta Correos, enpresa publikoen artean lehena.

Expansion-ek nabarmentzen du Espainiako 100 enplegatzaile handienen artean 1,5 milioi lanpostu baino gutxixeago dituztela, eta ia 9 milioi, mundu osoan.

Ibexeko enpresa gutxi

Bitxikeria batzuk ere badaude. Hala, Ibex indizeko enpresa gutxi batzuk bakarrik daude enplegatzaile handienen artean: hamar lehenetatik, bakarrik lau daude Ibex indizean. Eta lehen hamarren artean, bakarrik bat da Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoa: Carrefour.

Mugimendu gehiago egon daitezke zerrendan. Hala, aurten, Orangek Jazztel eros dezake, eta Vodafonek, ONO.

Correosi dagokionez, 52.000 langile baino gehiago ditu, 2013tik murrizketak egin zituen arren. Top 100eko beste enpresa publikoek batera baino langile gehiago dira horiek.

Expansion-ek ateratzen duen ondorio bat hau da: Espainiako ekonomiaren motorra, gaur egun, zerbitzuak, eraikuntza, merkataritza eta banaketa direla. "Horregatik daude lehen postuen artean Mondragon (…) eta Eroski, beste batzuen artean", dio ekonomian espezializatuko komunikabideak.

Munduko enplegatzaile handiena Volkswagen Taldea da. 2013tik 2014ra, gainera, langile gehiago hartu zituen. Gaur egun, ia 600.000 inguru ditu. Lehen hamarrak hauek dira, bigarrenetik hasita: Compass Group (ostalaritza eta cateringa), ISS Soluciones de Limpieza (garbikuntza), McDonald's (janari lasterra), Sodexo Iberia (bizi-kalitate zerbitzuak), Carrefour (banaketa), Nestlé (elikadura), Lidl (banaketa), Alcampo-Auchan taldea (banaketa) eta Accenture (kontsultoretza).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak