Sozietateen gaineko zerga, lan eta ondare irabazien atxikipen, BEZ eta PFEZ kontzeptuetan izandako hazkundeek azaltzen dute epe honetako bilakaera positiboa, Foru Ogasunak azaldu duenez. Arlo positiboan daude, ere, PFEZ eta BEZ zergetan itzulketak murriztu izana. Alderdi negatiboan, aldiz, BEZaren Estatuarekiko doikuntzak gutxitu direla, Zerga Berezietatik datozen diru-sarreren jaitsiera eta Sozietateen gaineko zergaren itzulketak handitu direla nabarmendu behar da.
Kontzeptuka, Sozietateen gaineko zergaren kuota diferentzial garbia 6,6 milioi hazi da, 2014rekin alderatuta. Kanpainako sarrerak abuztuan zenbatzen dira eta itzulketak, aldiz, urte bukaeran. PFEZri buruz, bitartean, zerga-bilketa garbia %6,7 handitu da (59 milioi euro gehiago).
Zeharkako zergen arloan, Aldundiak kudeatzen duen BEZaren atalean %14 hazi dira sarrerak, 94,9 milioi euro gehiago. Zerga berezietan, aldiz, diru-bilketa %1 jaitsi da (2,6 milioi gutxiago). Azkenik, Estatuarekin egiten diren doikuntzen bilketa metatua 30,4 milioi jaitsi da BEZari dagokionean, eta 3,6 milioiko hazkundea izan du Zerga berezien atalean. Guztia, beti ere, 2014ko aldi berdinarekin alderatuta.