Udaberrian Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea jokatu ondoren, irailaren 20an abiatuko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Gipuzkoa Bertsotan 74 bertsolarirekin abiatu zen, eta horietatik 30 lehen sailkatuek lortu zuten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Tartean Maider Arregi oñatiarra. 30 horiei, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zuten beste 13 bertsolari gehitu zaizkie; guztira, 43 bertsolarik hasiko dute txapelketa.
Finala abenduaren 20an izango da Donostian, Ilunben. Hiru hilabeteko epean 15 saio jokatuko dira. Horietako bi, Debagoienean: urriaren 10ean Arrasateko Amaia antzokian jokatuko da final zortzirenetako saio bat eta azaroaren 8an, final laurdenetako saio bat Eskoriatzako kiroldegian. Maider Arregi oñatiarrak irailaren 27an du saioa, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultura etxean.
Finalekorako ezik, beste saioetarako sarrerak eros daitezke dagoeneko.