Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo eman zuen joandako egunetan egindako deialdiak izandako erantzunarwn emaitzaren berri. Probintzian 40 partikularrek eskaini dute teilatupea Siriako migranteak hartzeko. Udalengandik eta entitateengandik ere heldu da laguntza eta gutxienez 140 plaza eskaintzeko moduan daude gaur. Hain zuzen, goizean egin da erakunde arteko bilera. Plaza horiek guztiak Eusko Jaurlaritzaren esku utziko du Diputazioak. Euskadin jasoko den pertsona kupoa zein den artean ez du jakinarazi Espainiak.
Harira, Denis Itxaso, Kultura eta Lankidetzako diputatua, pozik agertu da eta herritarrek emandako erantzuna eskertu du. “Herritarrak ematen ari diren erantzuna izugarria da", haren berbetan eta "guztiok sentitzen dugun haserrearen eta inpotentziaren isla" da. "Herritarrek laguntzeko grina dutela ikusten ari gara, eta udalek eta erakundeok ezin dugu kale egin. Gure esku dauden baliabide eta bitarteko guztiak erabili behar ditugu, laguntza eraginkorra eta berehalakoa izan dadin, eta hori guztia beste erakundeekin eta GKEekin koordinatuta egin behar dugu”, azpimarratu zuen Itxasok agerraldian.
ACNUR eta CEAR errefuxiatuen laguntzarako erakundeekin batera egin du lan Gipuzkoako Foru Aldundiak baliabideen bilketan eta halaxe jarraituko du. Artean, laguntza ematen segi dezakete herritarrek, diruz.
CEAR entitatearen kontu korrontea:
BBK 2095 0002 60 9104192594 (adierazi: DONATIVOSACOGIDAREFUGIADOS)
ACNUR entitatearen kontu korrontea:
Banco Santander 00491800172110528944 (erreferentzia: Euskadi)
Errefuxiatuak hartzeko prest dauden pertsonak erregistratzeko telefonoa: 944 43 12 74