Maria Ubarretxena: "Adostasunera ailegatzen saiatuko gara"
Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak uztailean jaso zuen herriko biktimen zerrenda jasotzen duen dokumentua. Garrantzi handiko dokumentua dela adierazi du eta positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa; horretarako, baina, atzera begiratua ondo egin behar dela azpimarratu du.
Biharkoa ez da izango akordioak bilatzeko ekitaldi bat, ezta udalei jarraibideak emateko ere. Marko objektibo bat ipintzeko balioko du eta, Iñigo Urkullu lehendakariak alkateei indarkeriaren ondorioz bizia galdu dutenen memoria gorde eta aitortza ekitaldiak bultzatzeko eskatuko badie ere, udal bakoitzaren eskuetan geratuko da ze urrats eman. Omenaldiak egitea bere agendan dagoela dio Ubarretxenak, beti ere herriko errealitatea aintzat hartuta eta udalean ordezkatuta dauden alderdiekin adostasunera ailegatuta.
Mikel Biain: "Gai delikatua da eta arduraz landu beharrekoa"
Oñatiko alkateak ere gai garrantzitsua, delikatua eta arduraz landu beharrekoa dela dio eta lanketa oro dela garrantzitsua.Kasu honetan, Eusko Jaurlaritzaren partetik etorri da gonbitea eta bertan izango da EHBilduko ordezkaritza zabal bat, bere ekarpena egiteko.
Kritika hitzak ere izan ditu, ordea, abuztu bukaera aldera arte inongo berririk izan ez dutelako eta informazio gutxi helarazi dietelako, bere esanetan. Eta beste gabezia bat ere aipatu du: "Dispertsioaren eraginez hildako herritarrak ez dira kontuan hartu, adibidez".
EAJ, EHBildu eta PSE-EE
EAJ, EHBildu, PSE-EE eta herri hautagaitzetako alkateek parte hartuko dute biharko biltzarrean. PPk agintzen duen udalerrietan ez da hildakorik egon eta alderdiak ez du parte hartuko.