Dekretu proiektua Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan dago ikusgai. Ekarpenak eta alegazioak egiteko, honako helbide elektronikoa erabili behar da: udalgida@gipuzkoa.net.
Arau horrek toki entitateen Kontabilitate Instrukzioa eta Kontabilitate Publikoko Plan Orokorraren hainbat xedapenen aldaketa onartzen ditu. Helburua da Gipuzkoako toki entitateen kontabilitatea nazioarteko arau berrietara egokitzea. Arau horiek Europa kontinentalean orain arte erabili den eredua alde batera utzi eta herrialde anglosaxoietan dagoen eredura hurbiltzen dute tokiko erakundeen kontabilitatea.
Sektore publiko eta pribatuaren informazioa konparatzeko
Honela azaltzen du araugileak: "Balorazio irizpideetan sartu diren aldaketak -merkatuarekiko konparazioak kostu historikoak baino lehentasun gehiago du orain, eta aktiboak erregistratzean erabilera da orain irizpidea, eta ez jabetza- arrazoi izan dira, beste aldaketa askoren artean, operadore ekonomikoei eskura jartzen zaien informazio ekonomiko eta patrimonialaren filosofia aldatu dadin".
Sektore pribatuan, arau egokitzapen hori eginda dago, eta herri administrazioak falta dira orain egokitzeko. Modu horretara, sektore publikoaren eta pribatuaren informazioa elkarrekin alderatu ahal izango da.
Arau aldaketaren beste ondorio bat da tokiko sektore publikoaren informazio ekonomikoan interesa duten guztiek modu integralean eskura izan dezaten kontabilitate arau-esparrua, hala aurrekontukoa nola partida bikoitzekoa.