Orotara, 1.049 istripu gertatu dira. 353 istriputan biktimak izan dira: 9 lagun hil dira (sei gizonezko eta hiru emakumezko), 56 larriki zauritu dira eta beste 467 arin zauritu dira. Beste 696 istriputan kalte materialak izan dira bakarrik. Iaz istripu gehiago izan ziren (1.231), baina biktima gutxiago: 4 hildako, 43 larri zauritu eta beste 436 arin zauritu.
Istripua Eskoriatzan
Esandako moduan, AP-1etik igaro dira Euskal Autonomia Erkidegoa zeharkatu duten bidaiari gehienak. Trafiko arazo handienak sortu dira Irungo ordainlekuan (AP-8), Kantabriarako noranzkoan, eta AP-8ak eta AP-1ek bat egiten duten tokian, Maltzagan. Azken honetan, abuztuaren 1ean, Eskoriatzan, goizaldeko 04:30ak aldera, gertatu zen istripu larri batek eraginda. Istripu horren ondorioz, 07:00ak arte itxita izan zen errepidea Gasteizko noranzkoan abuztuko lehen egun horretan.
Trafiko handiagoa, hildako gehiago
Trafiko Zuzendaritzatik adierazi dutenez, azkeneko urteotan udako operazioan hildakoen kopurua jaitsi egin da. Berezia izan zen, alde horretatik, 2014a, asko jaitsi zelako hildakoen kopurua. Aurten, ordea, iaz baino hildako gehiago izan dira. Trafikoa ere handiagoa izan da.
Esandako baieztatzeko honako datuak eman ditu Trafiko Zuzendaritzak: 2000ko udan 36 lagun hil ziren; 2005an, 22; 2014an, 4; aurten, 9.