Iñaki Arietaleanizbeaskoa 'Bixkai' euskal preso bergararra askatu dute

Arietaleanizbeaskoa Murcia II espetxetik irten berri.

Goizean irten da, Murcia II espetxetik, gertukuek jakinarazi dutenez. Bergararrak 20 urte egin ditu Espainia eta Frantziako kartzeletan. 

Arietaleanizbeaskoa bihar, eguaztena, iritsiko da Bergarara eta harrera herrikoia egingo diote: 16:15ean Labegaraietan elkartu eta Gatzagainera abiatuko da auto karabana; 17:00etan lehen harrera herrikoia egingo diote Gatzagainen eta handik Labegaraietara joango dira, Bixkai-ren auzora. Erdigunean egingo dioten harrera herrikoia 19:30ean izango da, Arrano parean. Gero, 20:30ean, luntxa egongo da Artatse elkartean.

20 urtez kartzelan

Iñaki Arietaleanizbeaskoa 1993 urtean kartzelaratu zuten lehen aldiz. Alcalan, Ourensen eta Martuteneko espetxetan egon eta gero, eta kondenaren 3/4ak beteta, 2002an kaleratu zuten, Espainiako legedia betez, gertukoek aurreratu dutenez. Urtebetez kalean egon eta gero, berriz kartzelara joateko agindua jaso zuen zigor osoa betetzera. Hori horrela, "Estatuaren mendekuari uko egin eta ihes egin zuen Bixkaik, ETA erakundean militatu eta 2005ean Frantzian atxilotu zuten arte", Bergarako Ezker Abertzaletik aurreratu dutenez.

Bigarren espetxe aldi horretan, Frantziako kartzeletan dispertsaturik egon zen lehenik, ETAko kide izatearren zigorra betez. Ondoren, Espainiaratu egin zuten ezarritako kondena osoa betetzeko. 

Bergarako Ezker Abertzalearen besarkada

Bergarako Ezker Abertzaleak "ongi etorri beroena" eman nahi dio Bixkai-ri eta "besarkada beroena" haren senide eta lagunei: ":22 urtez dispertsioak eta kartzelak eragindako amets gaiztoa bukatu da, zorionak!", esan dute bidalitako oharrean.

Bergarako Ezker Abertzaletik gogora ekarri dute "Euskal Herriak justizian oinarritutako bakea" behar duela: "Estatuei dei egiten diegu: batetik, Euskal Herritarren hitza eta erabakia entzun eta onartzeko, herri bezala gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagulako; bestetik, gatazkaren ondorio guztiak gainditzeko, preso eta iheslari guztiak etxera bueltatu behar dira berehala, epaiketa eta jazarpen politikoarekin behingoz amaitu behar dute", esan dute.

Jose Luis Elkoro ere bai

Gogoratu behar da, bestalde, Jose Luis Elkroro ere erabateko askatasunean geratuko dela irailaren 3an, Mugituko da plataformak uztail bukaeran jakitera eman zuen moduan. Ekimenetik adierazi zuten abokatuek lortu dutela 1998ko espetxealdiko hemezortzi hilabeteak aintzat har diezazkioten –Epaitegi Konstituzionalak ebatzi zuen bera eta berarekin batera espetxeratuta zeuden Herri Batasuneko politikariak errugabeak zirela, eta libre utzi zituzten.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.