Aldaketa honek, Europako autobideetako irteerak zenbatzeko iritzi bateratuari erantzuten dio. Honen arabera, autobideetako irteerak autobide bakoitzaren hasiera puntutik dagoen distantzia, hau da kilometro puntua, adierazten du. AP-8ren kasuan Behobia da hasiera puntua eta Burgos AP-1arena.
Bidegiren arduradunek gogoratu dute AP-8ko orain arteko irteera zenbakiak Behobian hasi eta hortik aurrera korrelatiboak zirela. 1 irteera Irun-Iruñeari zegokion, 2. berriz Irun-Hondarribia zen, 3. irteera Oiartzun-Errenteria eta 4. Donostialdea. Orain, Gipuzkoako hiriburuko eta portuko irteera 12. da, hauek baitira Behobiatik puntu honetara dauden kilometroak. Irun-Iruñea 0 irteera bilakatu da eta Irun-Hondarribia berriz 7a.
Berdin gertatzen da Zarauzko irteerarekin: 11 zenbakia izatetik 38 izatera pasa da. AP-8ko Gipuzkoako zatian 100 paneletan egin dira aldaketak, errepidearen ertzetan daudenetan zein autopista erdian zintzilik daudenetan. AP-1ean aldaketak 14 panelei eragin die.
Egun indarrean dagoen araudiari egokitzeko lan hauek pixkanaka egin dira eta beti ere trafiko intentsitate txikieneko egunak eta orduak kontuan hartuta. Horrela, erabiltzaileenganako eragina ahalik eta txikiena izan da eta aldaketak egiten aritu direnentzat segurtasun neurriak handienak izan dira. Une oro lanean aritzeko hartu beharreko neurri guztiak indarrean jarri dira: abiadura murrizteko aurre seinaleak, errei aldaketak, lanen kokalekuari buruzko oharrak informazio pantailetan eta argi seinaleak. Halaber errei erdiko paneletako aldaketak gauez egin dira, trafiko gutxieneko orduetan, garabiak erabili behar izan direlako.