Bezperan egindako lan bikaina errepikatzeko asmoarekin irten ziren atzo (eguaztena) Bolintxo-Ulma taldeko txirrindulariak Etxarritik.
Azken momentuko aldaketa batzuk medio, ibilbide aldaketa izan dute, eta amaierako zati gogor bati ekin behar izan diote, Cadena-ko lehen mailako mendatea bi aldiz igoz.
Pelotoitik tiraka
Hasierako kilometroetan Mikel Arregi eta Ekaitz Txintxurreta pelotoi nagusitik tiraka ibili dira, eta lehen mendatea baino lehenago eguneko ihesaldia botatzea lortu dute.
Bestalde, bi igoeretan Aritz Kortabarria aurreneko postuetan ibili da, bigarren eta hirugarren pasatuz bi gainetan. Amaieran, ordea, arazo mekaniko batzuk izan ditu eta 16en postuan lortu du etapa amaitzea, liderraren denbora berdinean. Sailkapen nagusian hamaikagarren doa antzuolarra.