'Bergarako korapiloa', osorik esleituta

Ubane Madera 2015ko abu. 3a, 12:06
Abiadura Handiko Trenaren obrak, Bergaran.

Arrasate-Bergara (Zumelegi esparrua) eta Elorrio-Elorrio artean Abiadura Handiko Trena eraikitzeko tramuen obrak esleitu ditu Espainiako Fomento Ministerioak, 97,7 milioi eurotan. Azken adjudikazio horiek eginda, Bergarako korapiloa osatzen duten obra guztiak adjudikatu dituzte.

Esleitu berri duten Arrasate-Bergara zatiak 2,7 kilometro izango ditu eta Arrasate eta Elorrio artean eraikiko dute, lurpean osorik. Arrasate eta Bergara arteko gainontzeko hiru tramuak batuko dituen zatia izango da, hain justu ere.

Tunela, Udalatx barrutik

Besteak beste, bi tutuko tunel bat izango du, Udalatx barruan. Tutuetako batek, mendebaldekoak, 2.725 metro izango ditu, eta ekialdekoak, berriz, 2.680 metro. Acciona Infraestructuras enpresak eraikiko du tramu hori, 56,5 milioi euro pasako aurrekontuarekin.

Zubi ugari, Elorrion

Elorrio-Elorrio zatia, berriz, 2,9 kilometro luze izango da, eta Elorriotik joango da osorik. Kasu horretan, 41 milioi euro pasako aurrekontua dute lanek eta Construcciones Sanchez Dominguez-Sando eta Rover Alcisa enpresek osatutako aldi baterako UTEak eraikiko du.

Noranzko bakarreko hiru zubi eraikiko dituzte Elorrio-Elorrio zatian: 490 metrokoa bata, 200 metrokoa bestea eta 211 metrokoa azkena. Baita norabide bikoitzeko beste bi zubi ere, 179 metrokoa bata (Goikoa) eta 451 metrokoa bestea (Zumelegi). Eta tunel bat ere eraikiko dute bertan, Zumelegikoa, 206 metrokoa eta noranzko bikoitza izango duena.

13,7 kilometro, 'Bergarako korapiloa'

Esleitu berri dituzten bi tramu horiekin batera, beste hiruk osatzen dute Bergarako korapiloa izenekoa: Arrasate-Bergara (Kobate esparrua), 2,9 kilometrokoa; Arrasate-Bergara (Angiozar esparrua), 2,6 kilometrokoa eta Elorrio-Bergara, hori ere 2,6 kilometrokoa. Guztira, beraz, 13,7 kilometro hartuko ditu Bergarako korapiloak.

 

Adif-ek, Abiadura Handiko Trenaz arduratzen den Trenbide Azpiegituren Kudeatzaileak gogora ekarri du 2007-2013 artean Europatik laguntza ugari eskuratu dituela azpiegitura horrek, besteak beste, 48,7 milioi eurokoa Elorrio-Bergara eta Bergara-Arrasate zatiak eraikitzeko. Eta azaldu du 2014-2020 bitartean ere laguntza gehiago jasoko dituela; besteak beste, 488 milioi eurokoa hainbat tramu finantzatzeko, Bergarako korapiloa tarteko.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak