Urbiako protesta ekitaldian gogora ekarri dute "urrats txikiek" egiten dutela "urrats handia", eta azken urteotan landutako bidetik segituko dutela, pausuz pausu fracking-aren kontra, harik eta fracking-erako aukera ezerezean utzi arte.
Adibide modura jarri dute fracking-aren kontrako taldeek bultzatutako "Herri Ekimen Legegilearen ondorioz , hustura hidraulikoa EAEn debekatu edo asko zailduko duen hiru zutabeko lege bat onartu" berri dela, "nahiz eta Espainiako gobernu zentralak dagoeneko berau zapuzten saiatuko dela argi utzi duen", gehitu dute.
Nazioarteko kanpaldia
Eta ildo beretik emandako beste "pausu garrantzitsu" bati ere egiten diote aipamena: "Gasteizko Subijanan burutu duguna, nazioarteko Frackanpada izan da. Arrakastatsua, edukiz betea eta herritik antolatua izateaz gain, herrialde ezberdinetako jendea bildu eta ezezkoa eman diogu Frackingari, helburu berdinerantz joateko asmoa azalduz", azpimarratu dute.
Adibide horiek oinarri, bide beretik segitzeko mezua zabaldu dute Urbian San Inazio egunez egindako protestaldian.