67 milioi euroko mozkin bateratua lortu du Laboral Kutxak urtarriletik ekainera bitartean

Ubane Madera 2015ko uzt. 28a, 13:31
Laboral Kutxako Arrasateko egoitza.

Hiru zifra adierazgarri eman ditu Laboral Kutxak: iazko epe bereko datuekin alderatuta, kontsumorako kredituen eta etxeentzako hipoteka kredituen formalizazioek % 28 eta % 58 egin dutela gora hurrenez hurren. Eta enpresentzako finantzaketa berria, berriz, % 19 hazi dela. Halaxe jakinarazi du gaur (martitzena), urteko lehen seihilabeteko datuen irakurketa eginez.

Adierazitakoaren arabera, emaitza-kontuaren bilakaerak % 12ko igoera izan du aurreko ekitaldiko epealdiarekin alderatuta, hain justu ere, "2015eko lehen seihileko honetan tasak oso-oso txikiak" izan direlako, eta horrek "izugarri zaildu" duelako "sarrera errepikariak" izatea.

Kreditu eskaera suspertzen

Edozein modutan, Laboral Kuxak azpimarratu du "kreditu-eskaera bezero-segmentu guztietan suspertu" dela, bai partikularretan bai enpresetan ere. Eta aurreko ekitaldiko azken herenean hasitako “joera positiboa berretsi” egin dela. Gaineratu du, halaber, "berankortasunaren portaera hobea" izanda (beheranzko joerari eutsi eta %8,22koa da), "zuzkidura-beharra txikiagoa" dela.

Datuek erakusten dute hori: bezeroei emandako kreditu kopurua 14.017 milioi eurokoa izan da. Hipoteka-kredituei dagokienez, berriz, %58 handitu dira eta kontsumo-kredituak %28,5. Eta lehen esandako moduan, joera bera izan du enpresendako finantzaketak: gorakoa, %19an hasi baita formalizazio berrien bolumena iazko epealdi berarekiko.

Likideziari dagokionez, berriz, "likidezia-posizio bikaina du" Laboral Kutxak, "inbertsio-politika orekatuen eta bezeroen aurrezki-saldoak handitzearen ondorioz".

Eta kaudimenean ere, "maila altua" izaten segitzen du, "Common Equitiy Tier 1 (CET1) ratioa % 13,78koa da, 2015eko martxoko datuen arabera".

Sarrerek konpentsatu

Bukatzeko, beste datu batzuk emate aldera, Laboral Kutxatik diote interes tasak "minimo historikoetan" ibili direla baina "komisioen, dibidenduen eta beste finantza-eragiketa batzuen sarrerek konpentsatu" egin dutela "neurri batean" interes-tasak txikitu izana. "Horiek % 6,9ko hazkundea izan dute, aurreko ekitaldiko epealdi berarekin alderatuta, eta 82,45 milioi eurokoak dira".

Eta aseguruen negozioari ere egiten dio aipamena, izan ere, negozio horrek 15,4 milioi euroko emaitza globalak eman dizkio Laboral Kutxa taldeari urteko lehen seihilekoan, iaz baino %2,6 gehiago. "Arrazoi nagusiak hauek dira: automobilen alorra suspertu izana, etxe eta bizitza alorretan produkzioa handitu izana, hobekuntzak egiten jarraitu izana bai zorroaren atxikipenean bai ezbehar-tasan, eta efizientzia eta produktibitatea hobetzeko martxan jarritako ekintzek ondoriozko emaitzak, ekintza horiek kostuak txikitzea ekarri baitute".

Sektoreko lehen postuetan

Emaitza horiei esker, 2015eko ekainean, Laboral Kutxa hirugarren postuan kokatzen da Estatuko sektoreko erakunde nagusien artean Fitch rating agentziaren arabera, Santanderren eta BBVA-ren ondoren; eta Moodys agentziaren arabera, berriz, bosgarren lekuan, Santanderren, BBVA-ren, Caixabanken eta Banco Sabadellen atzetik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak