Etiopiarako hainbat etxetresna dohaintzan eman ditu Fagor CNA Groupek

Fagor CNA Groupek emandako etxetresnak kargatzen.

Intxaurrondotik Wukrora Irabazi asmorik gabeko elkarteko boluntarioak eguenean Fagor CNA Groupek San Andresen (Arrasaten) duen lantegira joan ziren Zaporeak izeneko proiektu solidariorako Fagorrek dohaintzan emandako etxetresnak jasotzera. Beste zenbait elkarterekin ere lanean dihardu Fagor CNA Groupek.

Irabazi asmorik gabeko elkarte horrek Angel Olaran misiolariarekin batera lan egiten du Tigray eskualdean (Etiopian), elikadura segurtasun gabezia kronikoa duen gune bezala kontsideratzen den eremuan, eta bertako biztanleen bizi baldintzak hobetzea du helburu.

Olaran misiolariak martxan jarritako Wukroko Saint Mary eskola eskualdeko lanbide heziketaren erreferentzia zentro bihurtu da eta bere sukaldeetan urtero 400 gazte trebatzeaz gain, lagun askori ere jaten ematen dio.

Eskola eta eskualdea azpiegitura egokiez hornitzearen beharretik sortu zen Zaporeak proiektu solidarioa. Era berean egitasmo honek helburu du bertako herritarrei elikaduraren inguruko eta elikagaiak gorde eta prozesatzeari buruzko oinarrizko ezagutzak ematea. Horregatik, irabazi asmorik gabeko elkarte honetako kideek azpimarratu nahi izan dute bertako herritarrak trebatzea  eta gaitasuna ematea dela eskualdearen garapenean laguntzeko modurik eraginkorrena, pairatzen duten elikadura segurtasun gabezia egoerari irtenbidea emate aldera.

Eskola baterako etxetresnak

Gauzak horrela, markaren esentzia eta gizarte inplikazioari jarraipena emanez, Fagor CNA Group proiektu solidariora batu da eskolako sukaldea hornitzeko eta Ostalaritza eta Gastronomia eskola martxan jartzeko erabiliko diren hainbat etxetresna dohaintzan emanez. Modu honetan, Fagorrek dohaintzan emandako guztiari esker, elkarteak bere sukaldeak hornitzeko behar zituen etxetresna guztiak lortu ditu: garbigailuak, ontzi garbigailuak, hozkailuak, plakak, sukaldeak eta baita mota guztietako etxetresna txikiak eta sukaldeko tresneria ere. 

Honekin, Donostiako elkarteko boluntarioek nekazaritza eta elikagaien alorrean diru sarrerak eragingo dituzten ekintzak garatu nahi dituzte, horrela eskualdearen garapenean lagunduz, ekonomia zein turismo ikuspuntuetatik. Bertako ostalaritzarako langile gaituak trebatu nahi dira turismo eskaintzaren kalitatea hobetzeko eta turismo sektorea indartzeko, diru iturri berriak sortuz eta eskualdean lana eta oparotasuna sortzen lagunduz.

Azkenik, Fagorrek esan duenez, Intxaurrondotik Wukrora elkarteari egindako dohaintzaz gain, beste hainbat elkarterekin ere elkarlanean jarraituko du eta aurreratu dute irailean bertan gizarte ekintza berriak burutuko dituztela, batez ere sukaldaritza eta hezkuntzari loturikoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.