Bilduren agindupeko Debagoieneko Mankomunitateak azkenera arte egin du ahalegina. Horretarako hiru deialdi ere egin ditu. Baina azkeneko bi deialdietan eskaintza bana aurkeztu diren arren, eskaerak ez dira egoki ikusi. Azkena, "kaudimenik eza eta akats teknikoak" direla-eta. Joan zen astean hartu zuen erabakia jarduneko Mankomunitateko Gobernu Batzordeak.
Gobernu berriak heldu beharko dio. Juanje Alberdi Bergarako alkateak ez du baztertu ahaleginarekin jarraitzea. Zaila da aurten egitea, urriaren 25eko asteburua gertuegi dago-eta.
2005ean lehen aldiz
Apiriletik hona hiru bider egin du deialdia Debagoieneko Udalen Elkarteak eskualdean jaialdi bat diseinatu, antolatu eta garatzeko. Lehena, apirilean, urteko 37.100 eurotan, eta beste urtebetez luzatzeko. Bigarrena, maiatzean, urteko 50.000 eurotan. Eta, hirugarrena, urteko 58.000 eurotan. Azkeneko bietan eskari bana aurkeztu diren arren, Mankomunitateak eskaintzak ez ditu egoki ikusi.
2005ean egin zen lehen aldiz Mundumira Arrasaten Mankomunitatean EAJ buru zela. Urtero egin da, 2013an izan ezik. Eskualdeko herri guztietatik igaro da. "Debagoiena ezagutaraztea, eta formatu handiko eta kalitatezko jaialdiak antolatzea" izan zen sorrerako helburua.