Ulma eta Bolintxo taldeak batuta Iruñeko probara begira

Xabier Urtzelai 2015ko uzt. 23a, 11:29
Argazkian Iruñeko Itzulian izango diren ziklistak. Argazkia: Lokatza.

Abuztuaren 4tik 7ra Iruñeako Itzulia egingo dute, eta talde indartsua osatu aldera bailarako gazte mailako bi talde batuko dituzte: Ulma (Oñatiko Aloña Mendikoak), eta Bolintxo (Bergarako Lokatzakoak). Xabier Murgiondo, Ekaitz Txintxurreta, Julen Umerez, Aritz Kortabarria eta Mikel Arregi izango dira lehiatuko diren bost ziklistak.

Indarrak batzea, hori erabaki dute Lokatzako eta Ulma taldeetako ordezkariek, eta hala, bailarako ordezkaritza sendoa izango da Iruñeko Itzulian: "Itzuli gogorra izan ohi da, baina azkeneko lasterketetan erakutsi duten emaitzak ikusita, talde oso lehiakorra daramagu. Oroitzapen onak ekartzen dituen Itzulia dela aipa daiteke. 2011 urtean Lokatza taldeko Mikel Aristik sailkapen orokorra eskuratu zuen eta bi urte geroago Julen Irizarrek Itzuliaren lehen etapa irabazi zuen", adierazi dute Lokatzatik.

Basalgoko eta Ugarrixako Igoera

Gaztetxoenei begira zapatuan, hilak 25, egingo dute Basalgoko 33. Igoera –1997an jaiotakoak izango dira nagusienak, eta 2008an jaiotakoak gazteenak. Eta domekan egingo dute Ugarrixako 2. Igoera. Bi lasterketak 12:00etan hasiko dituzte eta izen-emateak ordubete lehenago egingo dituzte, 11:00etan. Basalgoko Igoeraren kasuan, auzora joateko bidegurutzean egongo dira antolatzaileak izenak hartzen, eta Ugarrixako Igoerakoak Boluko auzoan. Askotariko sariak egongo dira gaztetxoendako.

Lokatzako Tourreko porrako sari banaketa

Bestalde, uztailaren 27an Lokatzako Tourreko Porraren sari banaketa izango da Domingo Irala kalean, 20:00etan. Txirrindulari ezagunen presentzia izango da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak