Eguenean irekiko dute AP-1eko Eskoriatzako tartea

Eneko Azkarate 2015ko uzt. 22a, 08:45

Eguenean berriro irekiko dute trafikora luizi baten eraginez martxotik Eskoriatzan itxita zeuden AP-1 autobideko bi errailak. 08:00etatik aurrera zabalik egongo da, honenbestez, autobide osoa. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako Diputatuak nabarmendu duenez, "errepidea normaltasunez" erabili ahal izango da abuztuko oporren irteera operazioaren bezpera egunetan.

Martxoaren 13an itxi zuten AP-1 errepidea, Gasteiz-Irun autobideko 120,450 puntu kilometrikoan —Eibartik—, Gasteiz norabideko galtzada pareko ezpondan izandako luiziaren ondorioz. Martxoaren 26an bypass-a ahalbidetu zen, eta zirkulazio norabide bakoitzean bide bana ireki zen, Eibarrera doan galtzadan.

Lana "erritmo onean"

Luizia egonkortzeko obrak martxoaren 17an hasi zituzten, eta Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, "erritmo onean" doaz. "Mendi hegaleko goiko aldean aurreikusitako egonkortze lanak burutu dira jada". Lau bideak udako irteera operazioa hasi aurretik zabaldu ahal izateko, errepidearen plataforman zeuden lurrak kendu, behin-behineko saihesbidea ahalbidetu, eta babeserako hesi dinamikoa jarri dute.

Bihartik aurrera lanekin jarraituko dute, trafikoari ahalik eta gutxien eraginez. Obrak behin-betiko gauzatu ahal izateko, ordea, bide mozketak egin beharko dira. Aldez aurretik emango da horien guztien berri.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak