Eta noski, plazeraren eta gozamenaren izenean, nola ez dituzte, ba, jarriko gure lan bikoitzeko tabernari-DJek? Pozgarria da jendeak abestiei horrenbesteko garrantzia ematea, esaten baita abestiek eragin dezaketela gure jarreran. Dantza, izerdia, edana, laztanak... eta hau guztia soinu-banda ezin hobeak lagundurik. Zer gehiago eska daiteke?
Zoragarria da gure haur eta gazteek –bai, haurrek ere bai– soinu-banda hauen letra sakonak ikastea –alderatzean hainbat poeta klasiko datozkit gogora–. Aurreko parrandan suertatu zitzaidan honako hauek entzutea –adibide leunenak idaztearren–. Batek zioen: “Cho, cho, cho, fer para el taxi/ No me importa si es casada”. Beste batek: "Tu sabe yo soy candela, tu sabe yo soy el rey de las nenas. Dale mamasita tacatá...”.
Hau esanik, barra atzeko karteltxo batek eman dit atentzioa. Hau dio: Taberna honetan ez da eraso sexistarik onartuko...
[Ea... tabernari-DJ eta juergazale maiteok: kartela edo musika hori –zabor nazkagarri hori ez esatearren–. Bata edo bestea. Biak ezin da...] Erasoa bozgorailuetatik datorren momentutik... onartua da.