Eroskiko presidente Agustin Markaidek bere gutunean azpimarratzen du taldearen "finantza-horizontea argitzea" ekarri duen finantza-berregituratzea egin dela 2014an. Beste mugarri garrantzitsu bat denden sarearen eraldaketa hasi izana da, Zurekin izeneko merkataritza-eredua zabalduz. Eredu horren lehen emaitza positiboak ikusten hasi zen taldea iaz, salmenten eta bezeroen hazkundearekin, Markaidek esaten duenez.
Eroski Kluba ere abian ipini zuten, eta dagoeneko 2 milioi kontsumitzaile baino gehiago dira bertako kide.
Datu azpimarragarriak jasotzen ditu Eroskiren memoriak: 2014an 6.106 milioiko fakturazioa lortu zuen Eroskik, 5.332 milioiko salmenta garbiak (BEZ gabe); 110 milioi trasferitu zitzaizkien bezeroei eskaintzen eta promozioen bidez; 2.135.000 bazkide-bezerorekin amaitu zuen urtea Eroskik; 262.000 kilo gatz, koipe eta azukre gutxiago izan zituzten Eroski markako produktuek; eta 3. urtez jarraian, saria jaso zuen bezeroari arreta onena emateagatik.
Ardura postuetatik %65, emakumeek
Langileei dagokienez, 33.832 ziren urte bukaeran; horietatik 12.015, bazkide-langileak. Horietatik 7.983 Eroski S. Koop.-eko bazkideak ziren; 3.563, Eroski Hipermercados S. Koop.-ekoak; eta 470 bazkide, Gespa Forum-ekoak. Erantzukizun-postuetan emakume gehien dituen Espainiako banaketa-enpresa dela nabarmentzen du Eroski Taldeak; %65 dira emakumeak. Horrez gain, 2014an, langileen %1 baino gehiago igo ziren mailaz, eta horietatik %67 emakumeak ziren.
1.897 establezimendu zituen Eroskik 2014 bukaeran, eta Espainiako supermerkatu frankiziatuen bigarren sarea ziren.
Hornitzaileei dagokienez, 4.793 izan zituen Eroskik urte horretan, horietatik 114 berriak; %50 baino gehiago tokiko ekoizle txikiak ziren. Eroskik 20.384 tokiko produktu saldu zituen, horietatik 282 berriak.