Debagoieneko bazterrak grafikoki deskribatzeko argazki lehiaketa Erein Da Janen eskutik

Arantzazuko santutegia

Maite ditugu maite, Debagoieneko bazterrak izena jarri diote lehiaketari, eta Debagoieneko edozein arlo, gai edo errealitate islatuko duten argazkiak izango dira protagonista. Landa ingurunea, herri bizitza, lehenengo sektorea, ingurumena, ondare kulturala, edota paisaia bezalako askotariko gaiek izan dezakete lekua: "Asmoa hori baita, Debagoieneko izaera islatuko duten argazkiak edukitzea", diote antolatzaileek. 

Hauek dira lehiaketaren oinarriak:

Maite ditugu maite Debagoieneko bazterrak argazki lehiaketa.

LEHIAKETAREN XEDEA

Erein Da Jan Kontsumitzaile eta Ekoizle Elkarteak antolatu du “Maite ditugu maite, Debagoieneko bazterrak” argazki lehiaketa.

Lehiaketaren helburua, Debagoieneko bazterrak grafikoki deskribatuko dituzten argazkien bilduma osatzea da.

GAIA

“Maite ditugu maite, Debagoieneko bazterrak” lehiaketa honetan, Debagoieneko edozein arlo, gai edo errealitate islatuko duten argazkiak izango dira protagonista. Landa ingurunea, herri bizitza, lehenengo sektorea, ingurumena, ondare kulturala, edota paisaia bezalako askotariko gaiek izan dezakete lekua, asmoa hori baita, Debagoieneko izaera islatuko duten argazkiak edukitzea.

PARTE HARTZAILEAK

Lehiaketa honetan edozein pertsonak har dezake parte.

ARGAZKIEN EZAUGARRIAK

  • Parte hartzaile bakoitzak gehienez 2 argazki bidali ahal izango ditu.
  • Argazkiak “.jpg” formatu digitalean aurkeztuko dira eta edozein prozedura teknikorekin egin ahal izango da. Halaber, edozein baliabide erabili ahal izango da: kamera digitala, telefono mugikorra edo beste batzuk.
  • Argazki guztiak argitaragabeak eta parte-hartzaileek eginak izango dira, eta lehiaketaren gaiarekin lotuta egongo dira.
  • Argazkiak ukitu digitalak izan ditzakete: (Adi. kolore aldaketa, filtroak…).
  • Argazki muntaiak ez dira onartuko.
  • Argazkien tamaina 15 cm x 20 cm izango da gutxi gorabehera, eta gutxienez 1 MB-ko pisua izango dute.
  • Jasotzen diren argazki guztiak Ereindajan denda-topagunean egongo dira ikusgai 2015eko urrian zehar, herritarrek argazki onena bozkatzeko aukera izango dutelarik.

NOLA PARTE HARTU

  • Argazkiak ereindajan@bagara.net helbidera bidali beharko dira 2015eko irailaren 30a baino lehen.
  • Argazkiaz gain, bildumaren izenburua eta islatu nahi denaren deskribapen txiki bat ere bidali beharko dira.

SARIAK(*)

  • Elkartearen saria (elkarteak izendatutako epaimahaiak emango du): Ereindajan produktuekin osatutako saskia, GeoAizkorri ezagutzeko (Oñati, Leintz Gatzaga eta Zerain) 2 lagunentzako bonoa, eta 2 lagunentzako otordua Oñatiko Soraluze jatetxean.
  • Herritarren saria (publikoak emango du): Ereindajan produktuekin osatutako saskia eta GeoAizkorri ezagutzeko (Oñati, Leintz Gatzaga eta Zerain) 2 lagunentzako bonoa.

(*)Baldintzak: aurretik deskribatutako sariak ezin izango dira beste sari batekin edo eskudirutan duten balioarekin trukatu. Edonola ere, saria beste pertsona bati lagatzeko aukera izango da.

EPEAK

  • Argazkiak bidaltzeko: 2015eko uztailaren 13tik irailaren 30era.
  • Epaimahaiaren balioespena: 2015eko urriaren 2a.
  • Herri-bozketa: 2015eko urriaren 5etik 24ra.
  • Argazki irabazleen inguruko jakinarazpena: 2015eko urriaren 28an

EPAIMAHAIA

  • Elkartearen epaimahaia:
    Elkarteko kideek osatuko dute epaimahaia.

Argazki bildumaren kalitatea zein argazkiak irudikatzen duen gaia eta horri emandako tratamendua balioetsiko da.

  • Herri-epaimahaia: onartutako argazki guztiekin erakusketa bat egingo da Ereindajanen denda-topagunean, eta herritarrek bertan argazkirik onena (bakarra) bozkatzeko aukera izango dute. Nahi duten pertsona guztiek eman ahal izango dute botoa, behin gehienez.

Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.

ERABILERA ETA ESKUBIDEAK

Aurkeztutako argazkiak Ereindajan elkartearentzat izango dira, eta aurrerantzean elkartearekin lotuta argitaratu ahal izango ditu, beti ere egilearen izena azalduz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.