Beñat Arnaiz: "Uretako saioan sufritu dudana ikusita, oso pozik nago hirugarren eginda"

Xabier Urtzelai 2015ko uzt. 12a, 16:10
Egoitz Zalakain –erdian–, Jon Unanue –ezkerrean– eta Beñat Arnaiz –eskuman–, half kategoriako podiuma. Argazkia: triathlonvitoria.com

Gasteizko nazioarteko triatloian Beñat Arnaiz hirugarren helmugaratu da –half kategorian– denboraldiko lorpen garrantzitsuena lortuta. Hala, Aretxabaletakoak urte hasieran Espainiako txapelketak utzitako arantza atera ahal izan du –bizikletan zulatu batengatik proba utzi zuen, lider zegoenean– eta Gasteizkoa moduko proba garrantzitsu batean brontzezko domina jantzita agurtuko du denboraldia: "Oso pozik nago hirugarren postuaz, batez ere igeriketako saioan oso txarto pasa dudalako. Pentsa, lasterketa bertan behera uztea ere pasa zait burutik. Baina ezin nuen denboraldia horrela amaitu".  

Hain zuzen, Espainiako duatloi txapelketa bertan behera utzi izanak balio izan dio Aretxabaletakoari egoerari buelta emateko: "Igeriketako saioan desastre ibili naiz, erritmoa hartu ezinka, eta geratu ere egin naiz, buiak non zeuden ikusteko. Baina aurrera egitea erabaki dut, eta igeriketa saioan denbora asko galdu dudan arren bizikletako tartean oso ondo sentitu naiz". Arnaizek 40 kilometro orduko batazbestean bete du 95 kilometrotako bizikleta ibilbidea: "Seigarren postuan hasi dut korrikako saioa. Bizikletan indartsu ibili naiz, eta zalantzak nituen korrikako tartean gorputzak zelan erantzungo zidan". Baina bistan da ez duela arazorik izan, maratoi erdian aurretik zituen beste hiru korrikalari gainditu, eta hirugarren sailkatu delako, Egoitz Zalakainen eta Jon Unanueren atzetik.

Gasteizen lortutako podiumaz Arnaizek amaitu du duatloi eta triatloi denboraldia. Triatloietan hainbatetan igo da podiumera, eta guztira lau duatloi irabazi ditu aurten, horietako bi Kantabrian, eta beste bi Nafarroan, Arbizun eta Altsasun.

Hainbat debagoiendar ironmanean

Arnaiz dagoeneko atseden hartzen dago, baina Debagoieneko hainbat kirolari egurrean izango dira oraindik (16:00 direnean) full distantzian lehiatzen dabiltza-eta. Horiek 5.6 kilometro egingo dituzte gaur igeri, 180 kilometro bizikletan, eta maratoia korrika. Gehienak dageneko korrikako saioan murgilduta egongo dira –gogorrena–. Animoak denei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak