Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak sustatutako 60 Global Training beka emango dituzte Ikaslanek eta AFMk.
Gutxienez sei eta gehienez bederatzi hilabete emango dituzte bekadunek atzerriko herrialde horietan; AEB, Txina, Argentina, Mexiko, India eta Europako hainbat herrialde daude jomugen artean. Ikus-entzunezko ekoizpenak muntatzea, energia eraginkortasun programak, ospitaletako dietak ikuskatzea, merkatu-azterketak egitea eta ekoizpen-lerroak ikuskatzea dira, besteak beste, beka-programa horietan egin beharko dituzten lanak; beraz, "askotariko profilak" behar izango direla diote antolatzaileek: Lanbide Heziketako sukaldaritza, ile-apainketa, haur hezkuntza, argitaletxeetako diseinu eta ekoizpena eta beste titulu batzuk dituztenak, eta, unibertsitateko tituludunen artean, ingeniariak eta ekonomialariak, besteak beste.
Ingeleseko B2 maila
Izena emateko, Global Training bekak kudeatzen dituzten erakundeetako batera jo behar dute uztailaren 27ra arte. Aukeraketa-prozesua egongo da. 60 bekadunak abenduan joango dira atzerrira.
Baldintzak hauek dira: Lanbide Heziketako goi-titulua edo unibertsitate-gradua izatea; 30 urtetik beherakoa izatea; Euskadin erroldatuta egotea gutxienez urte betez; azken sei hilabetean gutxienez antzeko bekarik eduki ez izana, eta ingeles maila ona edukitzea: Lanbide Heziketakoek gutxienez B2 izan beharko dute, eta unibertsitateko tituludunek, C1 edo Cambridgeko Advanced maila. Titulurik ez dutenek idatzizko eta ahozko azterketa egin beharko dute.
Informazio gehiago dago www.gazteakatzerrian.com webgunean.