Administrazio Kontseiluko lehendakariaren iritziz, egosketa sailaren ekoizpen ahalmena %30 handituko da urrirako. Garbigailuei dagokienez, urrirako ekoizpen ahalmena bikoiztea espero da eta eltzeena irailerako.
Halaber, Parladek jakinarazi duenez, arrakastaz lortu dira aurreko udan industria ekoizpenaren abiatzean ezarritako helburuak. Gainera, Espainiako banatzaile guztiekin akordioak itxi dira eta nazioarteko banatzaileekin ere ixtear daude.
Produktu berriei dagokionean, Parladek azpimarratu du berrikuntza funtsezkoa izango dela; horregatik, frente guztietan Berrikuntza agenda zehaztu dutela eta I+G saila indartu dutela. 2016rako aurreikusten diren produktu berri horien lagin bat Berlingo IFA ferian aurkeztuko dutela ere aurreratu du.
Berrikuntzaz gain, Parladek pertsonei eman nahi izan die garrantzia: "Markaren posizionamendu berriak, etxetresnetan aditua izateaz gain, pertsonetan aditua izatera iritsi nahi du, beraien beharrak, ardurak eta ametsak betetzeko; eta hau guztia nazioarteko proiekzioa duen espainiar marka bat oinarri hartuta, non kalitatezko produktuak freskotasun eta berrikuntzaz uztartzen diren. Proiektu sendoa baina era berean malgua, eboluzionatzen joango dena eta pertsonekin eta pertsonentzat izango dena".
Atxa, markaren enbaxadore
Proiektura gehitu da Eneko Atxa, sukaldari entzutetsu eta saritua, markaren enbaxadore gisa. Azaldu duenez, Fagor markarekin emoziozko lotura sentitzen du, bere etxean errotuta dagoen marka delako. Harro eta pozarren dagoela ere aitortu du batasun honengatik: "Azurmendira jendea datorrenean, gure helburu bakarra hauek zoriontsu egitea da. Gure obsesioa da hoberenak izatea, baina pausuz pausu lan eginez, etenik gabe. Eta uste dut bidelagun hoberik ezin nezakeela aurkitu, harroago ezin naiteke sentitu. Espero dudana da harreman berri hau ona izatea Fagorrentzako, guretzako eta denontzako".
Birsortu
Fagorren bozeramaile eta Marketing eta Komunikazio zuzendari Nagore Bonillak azaldu du proiektu berria "birsortu" hitzak definitzen duela ondo: "Birsortuk sortze hutsak baino askoz ere gehiago adierazten du, atzokoa gogoan izanik etorkizunera begiratzea da birsortzea, oinarria mantenduz eta esanahi berria gehituz". Bozeramailearen esanetan, "orain dela lau hilabete hitz hutsak zirenak, ilusioz eta lanez betetako errealitate izatera pasatu dira".