Hilaren 20rako ireki gura dute AP-1 errepidea erabat

Goiatz Arana Begiristain 2015ko uzt. 10a, 06:00

Aurreko Aldunditik adierazi bazuten ere uztailaren 15era arte iraungo zutela luiziak eragindako kalteak konpontzeko lanek, beste amaiera-data bat eman dute egungo foru ordezkariek: uztailak 20. Egun horretarako, gutxi gorabehera, espero dute obra bukatzea, eguraldiak laguntzen badu; euriak lanak dezente atzeratzea ekarriko luke.

Hiru fasetan ari dira egiten lanak: lehenengoa bukatuta dago; bigarrena, bukatzear; eta hirugarrena espero dute uztailaren 20rako amaitzea, gutxi gorabehera. Gipuzkoako Foru Aldunditik emandako informazioaren arabera, hirugarren fase horretako lanak egiteko terrenoa finkatuta dago eta, lurrak kentzean, bidea bi noranzkoetan irekiko dute.

Martxotik

Martxoaren 3an gertatu zen lehen lur-jausia AP-1 autobidean, Eskoriatza inguruan, Gasteizerako norabidean; lurra, harriak eta zuhaitzak jausi ziren errepidera. Ondorioz eta lur-jausi gehiago izateko arriskua zegoela-eta, erabat itxi zuten errepidea. Baina makina-hondeatzaileak berehala hasi ziren eroritakoa kentzen, eta biharamunean bi noranzkoetan bide bana ireki ahal izan zuten.

Toki berean, gasolindegia dagoen lekutik gertu, bigarren luizi bat izan zen handik hamar bat egunera eta, segurtasuna bermatze aldera, itxi egin zuten berriz ere tarte hori: Eskoriatzako lotunetik Lukura arteko tartea. Martxoaren 25era arte zeharo itxita egon zen autobidea, baina hurrengo egunean noranzko bakoitzeko bide bat ireki zuten, by-pass bidez.

Lanak, luze

Garbiketa eta konpontze lanek luze jo zezaketela aurreikusita, uztailaren 15erako amaituko zituztela azaldu zuten orduan, baina gauzak ondo bidean, AP-1 autobidea uztailaren 20aren bueltan itzuliko da erabateko normaltasunera tarte horretan.

Ordezko ibilbideak

Bien bitartean, ordezko ibilbide gomendatuak hauek dira: ibilbide luzekoentzat, abiapuntua/helmuga Gasteiz–Donostia duenarentzako, AP-8 eta AP-68 autobideak, edo N-I errepidea; Debagoiena eta Gasteiz arteko barruko zirkulaziorako, GI-627 errepidea (Arlaban mendatea) edo GI-3310 errepidea (Eskoriatza–Leintz Gatzaga).

Autobidea itxi zutenetik zirkulazioa handitu egin da bai Leintz Gatzagatik eta baita Arlabandik ere; eta oporrak tarteko, joan den den asteburuaz geroztik ere igartzen da zirkulazioa areagotu egin dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak