Produktu horren bitartez, 600 esperientzia edo plan baino gehiagoren artean aukera daiteke, 30 eta 150 euro artekoak eta bi ordu baino gutxiagoko iraupenekoak, eta kooperatibako bezero-bazkideek %33 aurreztu ahal izango dute. Hiru hilabetean 1.200 esperientzia eskaintzera iritsiko dira.
Helburua da euskal turismoaren sektorea dinamizatzea, Euskadin eta inguruko erkidegoetan bizi direnei zuzendutako proposamenen bidez. Barne turismoa turismo guztiaren %15 da, eta "merkatu esanguratsua da euskal turismoan", antolatzaileen esanetan.
Zehazki, Mikel Goienetxek esan du Eroskik bertako produktuekin duen konpromisoa elikagaien sektoretik haratago doala eta euskal turismoaren "erakargarritasuna" ere hartzen duela ardatz gisa, eta "berrikuntzaren alde" eta "merkaturatzeko modu berriak irekitzearen alde" egiten duela Eroskik, betiere "kontsumitzailearen mesedetan eta gure ekonomia dinamizatzea helburu izanik".
600 esperientzia
Gou! by Eroski produktuaren bitartez, prezio merkeagoak eskaintzen dira, baita Gou! by Eroski postalak Eroskiren edozein hipermerkatutan, supermerkatutan edo bidaia-agentziatan erosteko aukera ere, ondoren, norberak gustuko duen jardueragatik trukatzeko telefonoz edo Interneten bidez.
Katalogoan 600 esperientzia baino gehiago daude: bidaiak globoan, kobazuloetara bisitak, dastatzeko menuak hainbat jatetxetan edo gauak hoteletan eta landetxeetan. Prezioari dagokionez, bost maila egongo dira: 30 eta 150 euro artean.
Datozen hilabeteetako kultura agendaz gozatzeko hainbat proposamen eskaintzen ditu; besteak beste, Bilboko BBK Live jaialdia edo Kontxako Bandera Donostian.
Bestalde, Euskadiz gain, hona hemen proposatutako kultura agendaren beste aukera batzuk: Llanesko (Asturias) San Roque jaiak, Lizarrako Gastronomia Astea eta Arte Garaikideko Nazioarteko Azoka Santanderren.
Sei lanpostu berri
Iñaki Alkortak esan duenez, bezeroari jakinarazten zaio bere erosketa "erantzukizun sozialez jokatzeko modu bat" ere badela. Izan ere, Gureak taldeak kudeatuko du ekimena, eta taldeko kideendako sei lanpostu sortuko dira.