Eusko Jaurlaritzak dio %2,5 haziko dela aurten euskal ekonomia, eta %1,6, enplegua

Eusko Jaurlaritzak gorantz zuzendu ditu hazkunde aurreikuspenak, eta %2,5era igo du urte osorako euskal barne produktu gordinaren emaitza. Horrez gain, enpleguak hazten jarraituko du eta urteko hazkunde tasa %1,6ra iritsiko dela iragartzen du.

Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailak dioenez, hazkundearen zati handi bat barne eskariaren sendotasunean oinarrituko da, hala kontsumoarenean nola inbertsioarenean, eta kanpo saldoak ekarpen txikia egingo dio BPGren hazkundeari". Hala ere, esportazioak eta inportazioak "biziki" areagotuko direla aurreikusten du, Europako ekonomiaren susperraldia finkatzen den neurrian. Testuinguru horretan kokatzen du Ogasun eta Finantza Sailak bere iragarpen baikorra.

Urte hasieran, EAEko ekonomiak hazkunde erritmoa bizkortu zuen eta %2,2an kokatu zen BPGren urte arteko aldakuntza tasa, aurreko balioa baino 0,3 handiagoa. Dagoeneko bost hiruhilekoan jarraian, euskal ekonomiak gero eta aldakuntza tasa handiagoak kateatu ditu. Urteko lehen hiruhilekoan, Eurogunea %1 hazi zen; Europako Batasuneko herrialdeak, %1,5, eta Espainia, %2,7.

Barne eskariaren bi osagaiei dagokienez, azken kontsumoan egindako gastua %2,3 handitu zen urte arteko tasan. Atal horren barruan, kontsumo pribatua %2,9 hazi zen, 2008ko hasieratik ikusten ez zen tasa. Kontsumo pribatuaren hazkundeak hainbat zergati ditu: enplegua hobetu izana, kontsumo prezioak txikitu izana, soldatak zertxobait hobetu izana, familiek konfiantza handiagoa izatea, kreditua lortzeko erraztasunak… Dena dela, Ogasun eta Finantza Sailak uste du datozen hiruhilekoetan kontsumo pribatua berriz apalduko dela.

Kapital eraketa gordina %1,3 hazi zen. Aldagai makroekonomiko horren bi atalek –gainontzeko inbertsioak eta ekipamendurako ondasunetan egindako inbertsioak– gehikuntza tasa positiboak izan zituzten lehenengo aldiz zazpi urtean.

Urtebetean 12.400 lanpostu sortu dira

Lehen hiruhilekoko gehikuntza sektore guztien hazkundean oinarritu zen. Zerbitzu sektoreak %2,8 areagotu zuen bere balio erantsia. Lehenengo aldiz 2007tik, eraikuntzak balio erantsia handitu zuen (%0,6), eta industriak nabarmen moteldu zuen bere hazkunde erritmoa (%0,2).

Ekoizpena hobetzea lan-merkatuaren datuetan islatu zen. Lanaldi osoko lanpostu baliokidetan neurtuta, lan-merkatua %1,4 hazi zen iazko epealdi berarekin alderatuta. Tasa horrek esan nahi du azken urtean 12.400 lanpostu sortu direla, ia guztiak zerbitzuetan; eraikuntzak bere enplegu maila egonkortu zuen, eta industriaren jaitsiera leundu egin zen. Lan merkatuaren susperraldiak enplegu eskatzaile berriak animatu zituen eta, horren ondorioz, langabezia tasa zertxobait igo zen (%14,8).

Kontsumo pribatua oso bizkor handitu bazen ere, oraindik ez da tentsiorik igarri prezioetan eta KPI indizeak oraindik ez ditu urte arteko tasa positiboak berreskuratu, nazioarteko merkatuetan petrolioaren salneurriak ikusi duen beherakadak baldintzatuta. Azpiko inflazioak ere ez du bizkortzeko joera garbirik erakusten eta oso balio apaletan, %0,5aren inguruan, kokatuta dago nahiko egonkor.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.