Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak azaltzen duenez, gainera, barne eskariak bere rola berreskuratu du eta ekonomiatik tiratzen hasi da berriz ere. Aurreko bost urteetan, kanpo eskaria izan zen EAEko ekoizpen-ehunaren motor garrantzitsuena. Hala, barne eskaria %1,1 hazi zen urteko batez bestekoan, eta BPGren hazkunde ia osoa berari zor zaio; kanpo eskariak jarrera neutroa izan zuen, esportazioek aurreko urteetan baino bizitasun handiagoa izan arren. Hala esportazioak (%3,4) nola inportazioak (%3,2) aurreko urtean baino gehiago hazi ziren.
Barne eskariaren barruan, azken kontsumoaren hazkundeak eman zion bultzada ekonomiari, %1,4 hazi baitzen 2014an, kontsumo pribatuaren portaera biziari esker (%1,6).
2014ko lehen hiruhilekoan, urte arteko tasa %0,5 izan zen, baina azken hiruhilekoan gehikuntza %1,9ra igoa zen, 2015erako emaitza ona iragarriz.
Enplegua ere hobetu egin zen
Inguruneko ekonomiekin alderatuta, EAEko PBGren hazkundea (%1,2) ez da askorik urruntzen Europako Batasunak (%1,3) eta Espainiak (%1,4) lortu zuten emaitzatik, eta hiru hamarrenetan gainditu zuen Euroguneko tasa (%0,9).
EAEko ekonomiak 2014an bizi zuen suspertzeko prozesuarekin batera enplegu sorrera txiki bat (%0,3) etorri zen.
Eraginkortasunaren hobekuntza handienak industrian (%2,9) eta lehen arloan (%5,3) izan ziren. Aitzitik, zerbitzuek %0,4 bakarrik hobetu zuten produktibitatea, sektore horretako ohiko balioetatik hurbil dagoen tasa batekin.
Azkenik, eraikuntzak produktibitate txikiagoa izan zuen, 2013ko bultzada sendoaren ondoren.