"Erabakiaren aroa" hasi dela aldarrikatu dute milaka lagunek, Gure Esku Dagok deituta

Julen Iriondo 2015ko eka. 21a, 21:02

Jendetsuak izan dira Gure Esku Dagok euskal hiriburuetan antolatutako ekitaldiak. Goizeko oihal-kateen ondoren –Donostiakoa Urumea ertzean eta zubietan barrena egin dena–, arratsaldean egin zituzten ekitaldi nagusiak. Donostiakoak, adibidez, danborrada, musika, mosaikoak... askotarikoak izan zituen. Herritarrek bidalitako argazkiekin galeriak osatu ditugu. Mila esker parte hartzeagatik!

Gaurkorako antolatutako aldarrikapen egunaren harira, Gure Esku Dagok zabaldutako mezuak dio "erabakitzeko eskubideak batu" egiten duela eta "etorkizuna herritar denok eraikitzeko tresna, giltza, nagusia" dela: "Iruñea eta Durango arteko 123 kilometroko irribarrea horren adierazle izan zen, herritarrei begira jarri zen Gure Esku Dago, erabakiaren bidetik urratsak ematen hasteko. Herritar anitzak, ezberdinak... baina gaur guztien oihalak elkarri josi eta hautetsontzi bakar bat eraikitzeko gai izan direnak".

Baina dinamika aldarrikatzeko bakarrik ez zela jaio dio GEDen oharrak: "Gaur, erabakia ahalbidetuko duen hautetsontziari, erabakiari berari begira jarri gara milaka euskal herritar, denon borondateek ehundu duten hautetsontzi horri begira. Abiapuntu horretatik, erabakiaren aroa hasten dugu gaur, dinamika honen fase definitiboa, behin-betikoa; gaur hasi eta erabakiaren egunean amaituko den azken txanpa".Eta jarraitzen du: "Borondateak ehundu; zer, nola eta noiz adostu; eta azkenik, erabaki. Hori da bidea. Dinamika honen eskaintza euskal herritarrei hirukoitza da. Anbizioa eskaintzen diogu, determinazioa eta herritarren borondatea. Azken helburura iristeko ezinbestekoa den grina, anbizioa".

Eta honela amaitzen da mezua: "Etorkizuna, elkarrekin, erabaki dezagun. Eraiki dezagun gure hautetsontzia, biharko erabakia. Herri bat garelako, herritarron garaia delako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta, batez ere, Gure Esku Dagoelako; Gure... Esku... Dagoelako... Har dezagun bidea!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak