Oihalak bobinatan, eskualderako aurreikusitako 20 autobusak beteta, eguraldi ederra "enkargatuta"… eta "hantxe elkartuko gara!" esaldia Gure Esku Dago (GED) ekimenaren Debagoieneko antolatzaileen ahotan, azken orduotan sumatzen duten giro on eta esperantzatsuaren erakusle.
Autobus zerbitzu bereziak
Lurraldebusek berak ere indartu egingo du autobus zerbitzua domekara begira, beste autobusetan edo autoan joateko aukerarik ez dutenendako. Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Soraluze, Elgoibar eta Donostia, horiek dira izango dituzten geralekuak. Eta izango dira ohiko zerbitzuak eta zerbitzu bereziak: 09:15ean Eskoriatzatik eta 22:30ean Donostiatik Eskoriatzaraino behar beste autobus jarriko dituela jakinarazi du Gipuzkoako Diputazioak.
Boluntario gehiagoren beharra
"Lanerako boluntarioak falta ditugu, hala ere, 25 bat gehiago beharko genituzke", zehaztu du Aitor Erañak, GEDko eskualdeko ordezkariak. Halakorik balego, nor bere herriko GED taldera joateko dei egin dute. "Boluntarioak 08:30ean aterako gara eta buelta, berriz, 20:30ean egingo dugu. Autobusa eta sarrera doan izango dute, eta egunerako bazkaria ere bai; aukera bat izan daiteke, adibidez, diru aldetik horren ondo ez dabiltzan horiendako momentu historiko bat bizitzeko", adierazi du Erañak.
Goizetik gauera arte
Domekako hitzorduak bi dira: oihal katea –12:00etan, Urumeako zubietan– lehena; eta Anoetako estadioko ekitaldi nagusia –17:30ean da, baina 16:30ean zabalduko dituzte ateak– bigarrena. Edozein modutan, bien bitarteko orduak betetzeko eskaintza oparoa antolatu dute, ume, gazte, heldu zein nagusiendako. Adibidez, Lain, Rat-Zinger, Eratu, Arkada, Tajon Prieto eta Bad Sound System musika taldeek girotuko dute estadio ingurua. Eta ekitaldi nagusian, berriz, Su Ta Gar, Glaukoma, Ze Esatek eta Skakeitan taldeek jardungo dute, besteak beste. Gainera, ekitaldi osterako erromeria eta herri dantzak ere iragarri dituzte.