Xterra Basque Country proba domekan, Arantzazun

Xabier Urtzelai 2015ko eka. 19a, 09:00
2013ko Xterra Munduko Txapelketako irudian, mendi bizikletako tartean bi lehiakide. Argazkia: www.triathlon.competitor.com

Domekan sartuko da Debagoiena mundu-mailako Xterra zirkuitu entzutetsuan, Basque Country mendi triatloiari esker. Hala, Landan (Araba) hasi eta Arantzazun amaituko den lasterketa da penintsulako iparraldean egingo den bakarra –Espainian guztira bost proba dira– eta probak faborito garbi bat du, Hawaiiko lasterketa handian indartsuenen artean egongo den Ruben Ruzafa malagarra –munduko txapeldun izan da, eta hiru urtez irabazi du Xterra txapelketa.

Mendiko triatloiak bi kategoria izango ditu. Open mailan –errazagoa– lasterkariek 10:00etan hasiko dute proba, eta Landan 1.500 metro igeri egin ostean mendiko bizikletak hartu eta Elgea aldera abiatuko dira, handik Arantzazuko Santutegira jaisteko (29km); eta han, Aloñako eta Aizkorriko mendilerroek osatzen duten gailurreriapeko zelaietara igoko dira, Putreaitz inguruetatik itzulia egin eta ostera ere Arantzazura jaisteko (5,6km).

Eta, elitekoak 11:00etan abiatuko dira, eta horien zirkuitua gogorragoa izango da, 37 kilometro mendiko bizikletan, eta 11,5 korrika: "Paraje ikusgarrietan ibiliko gara. Ni mendiko bizikletako zirkuituan laguntzen ibili naiz, eta egia esan ikusgarri geratu da, hasierako kilometroetako pista zabalekin batera jaitsiera teknikoak ere baditu, paraje ederrean. Gainera, inguruan egiten diren martxa eta halakoak ez dira zirkuitutik pasatzen, eta seguru nago oñatiar askok ez dituztela inguruok ezagutzen.  Xterrako beste zirkuituak ez ditut ezagutzen, baina nekez egingo dute hemengoa modukorik", adierazi du Fortuna elkartekoekin laguntzen ibili den Argider Isastik. 

Hala, Arantzazun egongo dira boxeak, eta bizikleta saioa amaituta handik abiatuko dira atletak korrika. Helmuga ere bertan egongo da, eta lehenengoak hiru ordu eta erdi inguru beharko ditu proba egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak