Foru Aldundiak 9,5 milioi euro banatuko ditu ekintzailetasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko

Leire Kortabarria 2015ko eka. 17a, 17:00

Diputatuen Kontseiluak enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta enpresa berriak sortzen laguntzeko diru laguntzak onartu zituen martitzenean: guztira 9,5 milioi euro.

Kontu sailik garrantzitsuena, 3.015.000 eurokoa, ekintzailetasuna eta enpresa berriak sortzera xedatutakoa da. Atal horretan iaz baino 630.000 euro gehiago jarri dira, eta kopuru hori batez ere erabiliko da emakumeek enpresak sortzea sustatzeko (Emekin) eta oinarri teknologikoa duten enpresak sortzeko eta haiei laguntzeko (Txekintek, Barnetekin eta Startup).

Beste programa garrantzitsu bat, 3 milioi eurokoa, ikerketa bultzatzeko eta Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sareko Gipuzkoako zentroetarako ekipamenduak eskuratzeko izango da.

Azkenik, lehiakortasuna sustatzeko Foru Aldundiaren politikaren hirugarren hanka internazionalizazioarena da. Programa honen helburua da enpresei kanpoko merkatuetara joaten eta Europako Batasunaz kanpoko merkatuetan beren produktuak sartzen laguntzea. Aurten, 1,5 milioi euro xedatu dira horretarako, iaz baino 300.000 euro gehiago. Horrela, hobeto erantzun nahi zaie enpresen eskariei, izan ere, hemendik kanpo Gipuzkoako produktuen marketina egiteko eta sustapen jardueretarako laguntza eskaerak egiten dituzte gehienbat enpresek.

Enpresa txikien internazionalizazioa sustatzeko iaz sortu zen programak milioi bat euroko zuzkidura du; enpresa traktoreek, dagoeneko ibilbide bat duten eta atzerrian esperientzia duten enpresek, enpresa txikiei laguntzeko sortu zen programa hau.

Orain onartu diren diru kopuruez gain, bere garaian Diputatuen Kontseiluak 750.000 euro onartu zituen Gipuzkoako Bazkundearekin eta eskualdeetako garapen agentziekin hitzarmenak sinatzeko, 2015ean zehar enpresa txikientzat nazioartekotzeko 300 jarduera baino gehiago egiteko. 

Turismorako, 250.000 euro

Diputatuen Kontseiluak sare ekonomikoa sustatzeko beste kontu sail batzuk ere onartu ditu. Eskulangintzari 501.000 euro xedatuko zaizkio, iaz baino 100.000 euro gehiago.

Horrez gain, Diputatuen Kontseiluak erabaki du aurten abian jarri den adimen lehiakortasunaren programa berria sustatzen parte hartzen duten zientzia entitateen taldean sartzea Elhuyar. Hori dela eta, 150.000 euro jasoko ditu Elhuyarrek.

Turismoak beste kontu sail bat izango du, 250.000 eurokoa, Gipuzkoak turismo esparruan duen erakargarritasuna areagotzeko, eta horretarako, programa berezi bat jarriko du abian, turistak erakarriko dituzten kirol ikuskizunak antolatzeko laguntzak emateko.

“Laguntza multzo hauek onartuta bermatzen dugu gure enpresek eta gure ekintzaileek nahikoa baliabide izango dutela krisitik hobeto irteteko, eraginkorrak direla frogatu duten palankak jartzen baitizkiegu eskura, esate baterako, internazionalizazioa, enpresa berri bat sortu nahi dutenentzako babesa eta laguntza, edo ikerketa eta zientzia proiektuetarako bultzada, besteak beste. Laguntza hauek lehenago ateratzea zen gure asmoa, baina Batzar Nagusiek atzera bota zituzten aurrekontuak eta horrek dena atzeratu digu”, azaldu du Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko jarduneko foru diputatu Jon Peli Uriguenek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak