Mondragoneko Kongresu Kooperatiboaren Batzorde Iraunkorrak egin ditu bi izendapen horiek. Kargu horiek biak Mikel Zabalak izan ditu orain arte, eta erretiroa hartuko duenez, izendapen berriak egin behar izan dira. Biek irailaren 1ean hartuko dituzte karguak.
Ezpeleta, betidanik Mondragoni lotua
Zigor Ezpeleta Oñatin jaio zen, 1971n. Pertsonen kudeaketaren arloko bokaziozko profesionala da, eta esperientzia dauka arlo soziolaboralean eta zuzendaritza eta antolamenduaren garapenaren arloan. Prestakuntza juridiko eta enpresariala izanik, bere lan ibilbidea batez ere Mondragoneko kooperatibismoari lotuta egon da. Mondragon Unibertsitatean hasi zen irakasle eta ikertzaile lanetan, enpresa kudeaketari eta kooperatibismoari lotutako arloetan. Ondoren, Korporazioko Gestio Sozialaren departamentuan sartu zen, eta bertan hasieran prestakuntza kooperatiboa diseinatzen eta ematen jardun zuen, eta, batez ere, zuzendaritza eta antolamenduaren garapenaren arloan. Hainbat kooperatibatako zuzendari taldeekin lan egin du, norberaren gaitasunak zein taldearenak hobetzen. Antolamendu kulturaren garapenean ere ekarpen esanguratsuak egin ditu, bai maila kontzeptualean bai aplikazio praktikoaren eremuan.
Uzin, Danobatgroupen hainbat ardura izandakoa
Iñigo Uzinek Makina-Erremintaren Dibisioko presidenteorde karguarekin bateratuko du kargu berria. Uzin Azkoitian jaio zen, 1960an, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik. Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko master programa bat ere egin du (Deustuko Unibertsitatea). Bere ibilbide profesionala Danobatgroupi lotuta dago, bertan hasi baitzen makina-erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan, eta Giza Baliabideetako zuzendaria ere izan zen. Izarraitz Danobaten sartu zenean, Iñigo Uzin xurgatutako enpresaren produktuaren Negozio Unitateko zuzendari izendatu zuten, eta zeregin horrekin batera Danobatgroupeko Controller lanak ere egiten zituen. 1998an Danobat kooperatibako gerente izendatu zuten, eta ondoren, 2012ko irailean, Mondragoneko Makina-Erremintaren Dibisioko presidenteorde eta Danobatgroupeko zuzendari nagusia.
Industria Automatizazioaren Dibisioa Aotek, Berriola, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Mondragon Assembly kooperatibek osatzen dute.